Istorioak eta kontakizunak partekatzeko zaletasuna izan du gizakiak gizaki denetik. Izan ere, nork ez du ipuin bat entzutea maite? Asmatutakoak batzuk, entzundakoak beste batzuk, ahotik belarrira pasatu izan dira kontakizun horiek, gizakiz gizaki, askotan, gehienetan, moldatuta, aldatuta, norberak bere ekarpen txikia eginda. Istorio horietako batzuk Belarriko kilkerrak izeneko liburuko orrietan finkatu ditu Uxue Alberdi idazleak Begoña Durruty ilustratzailearen laguntzarekin.
31 kontalariren ipuinak bildu dituzte Alberdik eta Durrutyk Elkar argitaletxearen bidez argitaratutako liburuan, besteak este, Idurre Eskisabelenak, Nerea Ibarzabalenak edota Xabier eta Miren Amurizarenak. Alberdik berak "liburu akzidental" bat bezala definitu du Belarriko kilkerrak. Izan ere, asteartean Donostian egindako agerraldian azaldu zuenez, fikziozko ipuin bat idazten ari zela, "harekin ataskatuta eta frustratuta", bere aitak itxialdi garaian bidali zizkion ahozko mezuak gogoratu zituen. "Familia entretenitze aldera, eskatu nizkion umetako, soldaduskako, seminarioko istorioak, eta gogoratu nintzen haietako batzuk oso politak zirela. Saiatu naiz idatziz ematen eta ahotsezko grazia mantentzen".
Kontalariak tentatuz
Liburu bihurtuko zenaren hazia landatuta, eta hari horri tiraka, inguruan zituen kontalari eta idazleetan jarri zuen Getariako bizilagunak mira. "Okurritu zitzaidan inguruan nituen kontalari onak tentatzea istorioak biltzeko". Kontalari horien istorioak eta pasadizoak jasotzen joan zela aipatu zuen. "Batzuk dramatikoak, besteak umorezkoak; nazkagarriak batzuk, beldurrezkoak besteak". Nabarmendu zuenez, "ahoz esandakoa, belarriz entzundakoa, idatziz jasotzea" izan da ariketa; "hitzen kabia izan zitezela istorio hauek".
Mende bete biltzen duten istorioak jaso ditu Alberdik argitalpenean. Liburuak hiru zutabe dituela ere gaineratu zuen idazleak: ahozkotasuna, transmisioa eta memoria. Idazleak onartu zuenez, hasiera batean liburua beste era batean antolatzea zen haren asmoa. "Ohartu nintzen aitaren ahots mezu haietan istorio askok gorputz atalen batekin zutela zerikusia; bazegoela begi galduren bat, oinak, hortzak... Pentsatu nuen gorputz ataletan banatutako liburua egitea, baina konturatu ginen murriztailea zela banaketa hori; kendu gehiago egingo ziola eman baino". Azkenean, lau ataletan banatu dute liburua. "Lehenengoa Marrubi lapurretan izenekoa da, eta bertan gordetzen dira okerkeriak edo bihurrikeriak; bigarrena Zeruko eskailera da, eta atal horretan hilotzak daude, gorpuak, heriotzak; hirugarren atalak Minaren gela du izena, eta barruko minetaz ari da, elkarren beharraz, penaz; eta azkena, Ispilua, bai, gorputzaz ari da. Gorputz atalak hor daude".
"Iruditzen zait elkarri istorioak kontatzea gutxi baloratzen den zerbait dela, akaso gizaki egiten gaituena horixe baldin bada ere", esan zuen Alberdik. Begoña Durruty (Arizkun, Nafarroa) ilustratzailearen lana ere goraipatu zuen, eta emaitza "liburu fresko-freskoa" dela iritzi zion