Getariako Udalak hainbat saio antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako herriko emakumeen artean berdintasunaren gaia lantzeko. Horien berri duela zenbait aste eman bazuen ere, data batzuk zehaztu gabe zituen.
Hain zuzen, oraintsu jakinarazi du ahalduntze ikastaroa noiz egingo den: saioak urriaren 18an eta 25ean eta azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an izango dira, aurreikusitako toki eta ordutegian: 15:00etatik 17:00etara, Ulpiano aretoan.
Izena emateko epea zabalik dago, eta interesa dutenek hurrengo asteko asteazkena, hilak 11, izango dute horretarako azken eguna.
Udalak adin desberdinak hartu ditu kontuan; hala, gaztetxoentzako da tailerretako bat, eta menopausia jada badutenentzako, ekintzetako beste bat. Gainera, lehendik aurreikusi gabeko saio berria ere iragarri du: menopausiaz teatro foroa. Azaroaren 23an izango da hori, eta azken ekintza izango da urtea amaitu aurretik.
Ekintzak eta izen-emateak
- Urriak 18-azaroak 29: ahalduntze ikastaroa herriko emakumeentzat.
- Azaroaren 4an, larunbata: autodefentsa ikastaroa, Emaginen eskutik, 14 urtetik gorako emakumeentzat. Ulpiano aretoan, 10:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:30era. Izena udaletxean edo Turismo Bulegoan eman daiteke, urriaren 16tik 28ra.
- Azaroaren 9an, osteguna: Menopausia garaian, nola elikatu eta nola zaindu izeneko hitzaldia, Amaia Zabaleta biologiaren eskutik. Alondegian, 19:00etatik 20:30era.
- Azaroaren 23an, osteguna: Menopausia umoretik bizitzen teatro foroa, Nerea Garcia aktorearen eskutik. 19:00etatik 20:30eran, Alondegian. Izena udaletxean edo Turismo Bulegoan eman daiteke, azaroaren 10etik 20ra.