Nazioarteko Jakien II. Azoka antolatzen ari dira elkarlanean Artzape eta Getariako Udala, eta herritarrak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera. Urriaren 21ean, larunbatez, izango da azoka 18:30etik 20:30era, eta parte hartu nahi dutenek beren jatorriko herrialdeko jakiren bat prestatu beharko dute.
"Jatorrizko herrialdeetako janarien bitartez, Getariako askotariko kulturak ezagutzeko eta bizilagunen arteko harremanak estutzeko asmoz sortu zen egitasmoa", azaldu dute Artzapeko eta udaleko ordezkariek, eta helburu berari eutsiko dio bigarren edizioak.
Parte hartzeko Artzaperekin harremanetan jarri behar da 688 71 66 09 telefono zenbakira deituta edo Whatsappa idatzita, nahiz mezua bidalita info@artzape.eus posta elektronikora.