Haritz Alberdi Getariako alkatea Udalbiltzako lehendakaria ere bada joan den ostiralaz geroztik. Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten ezohiko Kontseilu Nagusian izendatu zuten; adierazi duenez, "ilusioz" hartu du kargua, eta aurretik dituen erronkei heltzeko "gogotsu" dago.
Alberdiren lehenengo egitekoa izango da Udalbiltzak hasi duen gogoeta fasea gidatzea, "aro berri bati ekiteko asmoarekin, erakundearen funtzioak egungo beharretara egokitzeko". Kontseilu Nagusiaren urtarrileko ohiko batzar orokorrean aurkeztuko dituzte emaitzak.
Nolanahi ere, Alberdik ez du hausnarketa hori bakarrik gidatuko; izan ere, Udalbiltzako buruzagitza "partekatu" egingo duela argitu du: "Ni izango naiz lehendakaria eta Klara Rouget zuzendaria. Orain arte Ipar Euskal Herriko teknikaria izan da bera, eta elkarren artean banatuko ditugu ardurak". Hain justu, hori da erakundeko ordezkariak berritzean egin duten aldaketa nagusietako bat; izan ere, azken urteetan Jabi Asurmendik bete ditu buruzagitzako bi karguak.
ginte postu nagusiak ez ezik, Batzorde Eragilea ere berritu dute. Zazpi kidek osatuko dute orotara. "Oso pertsona konkretuak dira, estrategikotzat jotzen ditugun gaiekin zerikusia dutelako. Burujabetzaren bidean, hainbat arlotan ezagutza handia duten alkateak eta zinegotziak dira", azaldu du Alberdik.