Getariako kiroldegiak prest du ikasturte berrirako eskaintza herriko haur, heldu zein adinekoentzat. Urrian hasiko dira ikastaroak, eta horietako bat berria denez –crossfit– ate irekien saioak egingo dituzte datorren astean, astelehenean eta asteazkenean; hilaren 25ean eta 27an, hain zuzen. Hala, nahi duenak probatzeko aukera izango du ikastaro berri hori.
Haurrei judo, kenpo-kai eta boulder ikastaroak eskainiko dizkiete, astean bi egunez praktikatzeko. Helduentzat, berriz, azken urteetan martxan izan diren spinning, yoga, pilates eta judo kirolak mantenduko dituzte astean bi egunez, eta esan bezala, hemendik aurrera crossfit saioak ere eskainiko dituzte astelehen eta asteazken arratsaldeetan. Horretarako, eremu berria egokituko du udalak frontoiaren eta padel pistaren artean.
Herriko adinekoentzat, azkenik, urteroko eskaintza mantendu du udalak: goizetan pilates, yoga eta Adinbizi izeneko ikastaroa eskainiko dituzte.
Ikastaroetan izena eman nahi dutenek kiroldegira joan beharko dute, edo 943-14 04 32 telefono zenbakira deitu. Hala, taldeen ordutegiak antolatu eta osatzen joango dira arduradunak.