2022ko irailaren 6an bete ziren 500 urte Juan Sebastian Elkano Getariako marinelak lehen aldiz munduari bira eman zionetik, eta ehun urte Getarian Lehorreratzea antzezten hasi zirenetik. Lehorreratzearen urteurren borobila prestatzeko unea iritsi zenean, Getariako Udalak argi ikusi zuen hausnartzeko unea zela, eta prozesu bat abiatu zuen. Hiru urte iraun zituen horrek, eta hainbat aldaketa eta berrikuntzarekin egin zuten Lehorreratzea iaz.
Egun hura, eta batez ere prozesua bera jasota gelditzeko, dokumentala egin du UKT Urolako Komunikazio Taldeak Getariako Udalarekin elkarlanean eta Elkano Fundazioaren laguntzarekin: Getariarren bira. Urteurrenetik urtea igaro den honetan, lana herritarrei erakusteko unea iritsi da. Igande honetan, hilak 24, izango da estreinaldia Getariako Iturzaeta aretoan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude dokumentalaren estreinaldira. Sarrera doakoa da, eta ez da gonbidapenik hartu beharko aurrez.
Hogeita bat lagunen ahotsa
Getariarren bira dokumentalean herritarrek dute protagonismo berezia: lehorreratzean parte hartu izan duten eta parte hartu ohi dutenak elkarrizketatu ditu Julen Imaz dokumentalaren zuzendariak, baita iaz aurreneko aldiz parte hartu zutenak eta lehorreratzea irudikatzeko parte hartze prozesuan ibili direnak ere.
Udaleko eta Elkano Fundazioko ordezkariek ere eman dute beren iritzia, baita historialari eta irakasleek ere; eta, nola ez, etorkizuna diren umeek.
Fitxa: Getariarren bira