Aquariumeko Itsas Film Festibalean erakutsiko dute Beñat Gerekaren 'Itsasoak pizten gaitu' dokumentala

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 14a

Beñat Gereka mikrofonoarekin, iaz Getarian, dokumentala komunikabideei aurkezten.

Bihar eguerdian Aquariumeko auditorioan ikusteko aukera egongo da, doan. Iazko irailean aurkeztu zuen lana getariarrak, eta aurten Malagako film festibalean ikusleen saria jaso zuen.

Iazko irailean aurkeztu zuen Beñat Gereka getariarrak Itsasoak pizten gaitu dokumentala bere herrian, eta ordutik, hainbat herritan erakutsi du lana. Saritu ere egin dute; Malagako film jaialdian ikusleen saria eskuratu du aurten, esaterako.

Bere lana ikusteko hurrengo aukera bihar bertan izango dute herritarrek, Aquariumeko Itsas Film Festibalean emango dutelako, 12:00etan (Aquariumeko auditorioan). Sarrera doakoa izango da. Atzo hasi zen festibal hori, eta hilaren 19an, larunbatarekin, amaituko da. 

Gerekak Getariako bizimodua hartu du oinarri dokumentalean; herriak itsasoarekin duen lotura, zehatzago esanda. "Kontzientzia hartu behar dugu, pixkanaka galtzen ari garelako dugun hori, eta babesteko aukera hori mantendu nahi dugun ala ez hausnartu behar dugu. Helburua bada ikuslea hausnarketa egitera bultzatzea", adierazi zion martxoan hedabide honi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide