48 ordu baino ez getariarren festa kutunak hasteko

Onintza Lete Arrieta 2023ko abuztuaren 2a

Lagun kuadrilla bat, artxiboko irudian, marmitakoa prestatzen.

Aurten herriko eragileen ordezkariek igoko dute bandera Salbatore jaietan. "Getaria herri oso bizia da, eta dauden eragileengatik da hori", arrazoitu du erabakia Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak.

"Getaria herri oso bizia da, eta dauden eragileengatik da hori" Ekaitz Esteban Kultura zinegotziaren arabera. Egitaraua ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Eta, horregatik, aurten Salbatore festetan herriko eragileek igoko dute bandera Salbatore Egunaren bezperan –abuztuaren 5eko gauerdian–.

Norbaitek hartu behar hitza eta igo behar bandera, eta zozketa bidez, Gure Eskuko kide batek hitz egingo du; bandera, berriz, Babexa dendarien elkarteak eta Meagako Artelatz elkarteak igoko dute. "Balkoira eragile bakoitzeko kide bakarra igoko da", zehaztu du Estebanek.

Ohi bezala, jaiak Gazteen Egunarekin hasiko dira, ostiral honetan, abuztuak 4, "gehienbat txosna batzordeak antolatutako ekintzekin". Paella lehiaketa egingo dute txosnagunean eta herri bazkaria, eta haurrek txupinazoa ere botako dute.

"Festetako egitarauan garrantzia handia duen" marmitako lehiaketa, berriz, Salbatore Egunaren bezperan egokitu da egitea aurten, Gazteen Egunean. 30 kuadrilla inguruk eman dute izena lehiaketarako. "38 kazuela daude, eta garai batean zozketa egin behar izaten zen izena gehiagok ematen zutelako. Pixka bat jaitsi egin da, baina oraindik badu bere pisua marmitako lehiaketak". Gainerakoan, egitaraua urterokoa izango dela azaldu du Estebanek.

Kultura zinegotziak azpimarratu du bi egunetan informazio gunea ere egongo dela Harritarten Emagin elkartearen eskutik, eraso sexisten aurka informazioa eta laguntza eskaintzeko.

"Lau urteren ondoren konpartsa egongo da" Salbatore Egunean, eta garrantzia eman dio horri ere Estebanek: "Ia 100 boluntario ariko dira lanean, Elkanoren Lehorreratze txiki bat bezalakoa da", esan du umoretsu.

Oso gustura II. Herri Ginkanarekin

Festen atarikoak ospatu dituzte jada Getarian. Aurreko asteburuan egin zituzten II. Herri Ginkana eta baita salbatoreetako umeen eta emakumeen pilota txapelketetako finalak ere.

Ginkana "oso-oso ondo" atera zela esan du Estebanek. "Herritarrei galdetuta, aurten aldaketa batzuk egin ditugu, eta oso gustura gelditu dira parte hartzaileak". Herriko zazpi gunetan bederatzi ekintza egin zituzten, eta "200 pertsonak parte hartu zuten". Parrillada batekin amaitu zuten eguna, eta "oso positiboa" da udalaren balorazioa.

Bestalde, emakumeen pilota txapelketako finaletako bat bertan behera gelditu zen, eta hori ostegun honetan jokatuko dute.

Egitaraua:

Abuztuak 4, ostirala, Gazteen Eguna

 
  • 11:00. Paella lehiaketaren hasiera, txosnagunean.
  • 11:30. Haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik. Jarraian, Getariako buruhandiak eta Zarauzko erraldoi txikiak, Gazte Alaiak txistulariekin.
  • 12:00. Txupinazoa eta txosnaguneko irekiera, herriko bertsolariekin.
  • 14:30. Gazteen herri bazkaria, Harritarten.
  • Ondoren. Txosnagunetik abiatuta, kuadrillen arteko jokoak, kalez kale, Heriotzaren Karrotxarangarekin. Tartean, II. Kaña Karrera.
  • 19:30. Kukaña. Jarraian, handik abiatuta, Hamarru Elektrotxaranga.
  • 19:30. Elkarretaratxea Etxera bidea gertu, oztoporik ez! lelopean. Ondoren, brindisa eta trikitilariak eta panderojoleak.
  • 21:00-00:00. Gau Irekia Cristobal Balentziaga Museoan. Erakusketak gauez ikusteko aukera, Paul San Martin pianojoleak eta Makala DJak zuzeneko musika eskaini bitartean. Doan. Taberna eta denda zerbitzua.
  • 22:00. Puro Relajo, frontoian.
  • 23:00. Kontzertuak: Intzak Hik!, Skarregekasko, Gozo-gozo taldeak eta Tintz DJa, txosnagunean. Txosnak ixtean, txokolate beroa.

Abuztuak 5, larunbata, Gazteen Eguna

 
  • 07:00. Gaupaseroen argazkia, Malkorben. Jarraian, Hamarru Elektrotxaranga 2.0, handik abiatuta.
  • 10:00. Kuadrillen arteko XXV. Marmitako Txapelketa.
  • 12:00. Kaiña-Bi trikifarra.
  • 13:30. Marmitako txapelketako irabazleen aukeraketa, Berdura plazan.
  • 14:30. Harritarten, kuadrillen arteko herri bazkaria. Bazkalostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
  • 17:30. Marmitako Txapelketaren sari banaketa.
  • 17:30. Disko Arima, plazan, gaztetxoentzat.
  • 18:30. Kaixpar DJa, Katrapuna plazan.
  • 19:00-22:00. Indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea, Harritarten.
  • 19:30. Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
  • 22:30. Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 22:30. Txosnagunean kontzertuak: Muga Zero, Ithaka eta Rodeo.
  • 23:00. Soinuz Blai erromeria taldea, plazan.
  • 00:00. Bandera igoera eta txupinazoa. Herriko eragileek igoko dute ikurrina, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
  • Jarraian. Soinuz Blai taldea, plazan.

Abuztuak 6, igandea, Salbatore Eguna

 
  • 09:30. Diana, Getariako Musika Bandarekin.
  • 11:00. Meza Nagusia, Getariako Salbatore Abesbatzak abestuta.
  • 12:30. Alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
  • 17:30. Eskuz Binakako XXV. Salbatore Pilota Txapelketaren finalak, frontoian.
  • 18:00. Katapuntxispun festa Kiki, Koko eta Moko pailazoekin, plazan.
  • 18:30. Bakarrizketa saio, txosnetan, Nerea Arriola, Maria Blanco, Iker Plazaola eta Julen Portillorekin.
  • 19:30. Che America ikuskizun musikala Iónico taldearekin, Artzapen.
  • 20:00. Xanta DJa, txosnagunean.
  • 23:00. Getariako konpartsaren emanaldia: Afrikako koloreak. Moilan aurrena, eta gero, frontoian.
  • Ondoren. Esther Sound Sister DJa, plazan.
  • 01:00. Xaukena Xauk eta Javi Hidalgo DJak txosnagunean.

Abuztuak 7, astelehena, Jan Festa

 
  • 09:30. Gazte Alaiak txistularien diana.
  • 11:00. IX. Patata Tortilla Txapelketa, 14 eta 18 urte arteko gaztetxoentzat.
  • 12:00. Hegaluzea parrillan eta sagardoa txotxean, frontoian.
  • 13:30. Bertsolariak balkoitik: Eli Pagola eta Aner Peritz.
  • Eguerdian. Txikiteo animatua.
  • 17:30. Gure Txeruko haurren danborrada.
  • 18:00-21:00. Indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea, Harritarten.
  • 19:00. Kuadrillen arteko sokatira lehiaketa, txosnagunean.
  • 19:00-22:00. Indarkeria sexistaren aurkako informazio gunea, Harritarten.
  • Jarraian. Elektrotxorongo elektrotxaranga, txosnagunetik abiatuta.
  • 23:00. La Basu eta Xiberootsen kontzertuak, frontoian.
  • Jarraian. DJ Bull, txosnagunean.

Abuztuak 8, asteartea, Umeen Eguna

 
  • 11:00-13:30 eta 16:00-18:30. Haurrentzako ur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:00. Buruhandiak kalez kale.
  • 19:00. Ustekabe txaranga, kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 21:30. Herritarren batukada.
  • 22:30. Zezensuzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Erromeria Laiotz taldearekin, plazan.
  • 00:00. Bandera jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
  • Ondoren. Laiotz musika taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00. Mozorro gaua eta Mojito’s Night, txosnagunean. Gaia, marrazki bizidunak. 
  • 00:30. Andoni Ollokiegi eta DJ Maixa eta Malakias, txosnagunean.
  • Jarraian. Karaokea, txosnagunean. Ondoren, jaiei amaiera emateko, apar festa toki berean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide