Lau urteren ondoren, indarberrituta dator salbatoreetako konpartsa

Onintza Lete Arrieta eta Mireia Galarza Bastida 2023ko uztailaren 28a

Normalean bi urtez behin egiten dute dantza ikuskizun herrikoia, baina pandemiaz aurretik egin zuten azkena, 2019an; aurten inoiz baino bikote gehiago izango dira dantzan Salbatore eguneko ikuskizunean, eta batzordeko kideek eta parte hartzaile batek azaldu dituzte aurtengo emanaldiaren xehetasunak.

Gerturatzen ari dira Salbatore jaiak, eta horrekin batera, festetako ekitaldi kutunenetakoa: salbatoreetako konpartsa. Aurtengoa berezia izango da, normalean bi urtez behin egiten duten dantza ikuskizuna 2019an egin zutelako azkenekoz, pandemia aurretik, alegia. Tartean lau urteko hutsunea egonda, konpartsako batzordeko kideek ez zuten argi parte hartzea beste aldietan bezain handia izango zen ala ez, baina izena emateko epea itxi zutenean, zalantza guztiak uxatu zituzten: 84 bikotek, hau da, 168 herritarrek, egingo dute dantza datorren asteko igande gauean, Salbatore egunez. "Sekula horrenbeste jendek ez du parte hartu konpartsan", azaldu dute batzordeko kideek.

"18 urtera arte ezin da parte hartu, eta herriko kuadrillak beti zain egon izan dira adin horretara iritsi eta izena emateko. Baina pandemia tarteko, beldur ginen ea gogo hori joan egin ote zitzaien gazteei". 

Datozen edizioetan parte hartzeak gora egiten badu "toki arazoak" izango dituzte frontoian denek elkarrekin dantza egiteko, baina oraingoz, moldatu dira, ozta-ozta bada ere. 

Ohi bezala, 23:00etan hasiko da ikuskizuna moilan. Saio osoa egingo dute han, gero kalejiran igoko dira Kale Nagusian gora, eta frontoian, berriz eskainiko dute saioa osorik. 

Konpartsa batzordeko kideek eta parte hartzaile batek eman dizkiote ikuskizunaren inguruko xehetasunak Urola Kostako Hitzari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide