Getariako Udalak Potzuaga Gaina eremuan etxebizitzak eraikitzeko lehen pausoa eman du

Mireia Galarza Bastida 2023ko uztailaren 25a

Erakundeak azaldu du aldaketarekin "datozen urteetan herritarrek herrian bizitzen jarraitzeko eraiki beharreko etxebizitza kopurua eta epea" finkatuko dituztela, babes publikoko etxebizitzen "kopuru handia" sustatuta.

2008ko Getariako arau subsidiarioei aldaketa puntuala egiteko esleipena martxan jartzea lortuta, Getariako Udalak Potzuaga Gaina eremuan etxebizitzak eraikitzeko plana aurrera eramateko lehen urratsa eman du. 

Udalak adierazi duenez, "arau subsidiarioak herriko lurzoruaren antolaketarako tresna bat dira, eta horren bidez, lurzoruaren erabilera definitzen da epe luzera". Hori horrela izanda, erakundeak gaineratu du Potzuaga Gaina eremuan etxebizitzak egiteko "beharrezkoa" dela lurzoru horren erabilera plana aldatzea.

Erakundeak azaldu du aldaketarekin "datozen urteetan herritarrek herrian bizitzen jarraitzeko eraiki beharreko etxebizitza kopurua eta epea" finkatuko dituztela, babes publikoko etxebizitzen "kopuru handia" sustatuta. Horretaz gain, Getariako Udalak dio "aldaketak eremuaren garapenari dagozkion ekipamenduak eta espazio libreak antolatu beharko dituela, irisgarritasun baldintzak ezarri, mugikortasunaren arloko hobekuntzak proposatu eta hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizaezinaren arteko trantsizio eremuak definitu".

Lan horiek egiteko esleipenaren izen-emate epea irailaren 15era arte irekita egongo da eta ondoren irabazleak 22 hilabeteko epea izango du azterlana egin, parte hartzea sustatu, eta dokumentazioa idatzi eta aurkezteko. Horretarako, Getariako Udalak 65.000 euroko aurrekontua aurkeztu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide