Salbatoreetako Patata Tortilla Txapelketan izena eman daiteke

Andrea Zipitria 2023ko uztailaren 21a

Gaztetxoen Patata Tortilla lehiaketa.

Abuztuaren 7an izango da txapelketa, eta 14 eta 18 urte arteko gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Interesa dutenek, hilaren 28ra arte eman dezakete izena, turismo bulegoan.

Aski gutxi geratzen da Getariako Salbatore jaiak hasteko, eta dagoeneko hasi dira prestaketa lanetan. Orain egun gutxi batzuk ireki zuten Marmitako Txapelketako izen-ematea, eta udaletik adierazi dutenez, Gazteen Arteko IX. Patata Tortilla lehiaketako inskripzioa ere zabalik da jada. Parte hartzeko interesa duten gazteek, turismo bulegoan eman beharko dute izena, hilaren 28a baino lehen.

Abuztuaren 7an, astelehenarekin, izango da Gazteen Arteko IX. Patata Tortilla Txapelketa. 14 eta 18 urte arteko gazteek izango dute izena emateko aukera, eta lehiakideek bikoteka hartu beharko dute parte. Bikote bakoitzak etxetik eraman beharko ditu labana, zartagina, sardexka eta osagaiak nahasteko eta buelta emateko ontziak. Antolatzaileek, berriz, bikote bakoitzari emango dizkiote lauzpabost patata, zortzi arrautza, olioa, gatza eta sua. 11:00etan hasiko da lehiaketa, eta 12:30erako patata tortilla guztiak amaitu beharko dituzte. Egunean bertan galtza luzeak janztea gomendatu dute antolatzaileek, "minik ez hartzeko".

Irabazlea erabakitzerako orduan, honako hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: tortillaren itxura, zaporea eta sukaldarien jantziak (originaltasuna eta irudimena baloratuko dira).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide