Lau egun, itsasoa zaintzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 17a

Iaz ere Getarian izan zen 'Mater' ontzia.

Mater ontzi museoa itsas zeharkaldia egiten ari da Zero Zabor Uretan kanpaina gizarteratzeko asmoz. Hil hasieran abiatu zen Bilbotik, eta asteazkenean, hilak 19, Getariara iritsiko da. Lau egunez hainbat jarduera egingo dituzte bertan.

Uztaila Plastic Free July izendatuta dago, hots, plastikozko kutsaduraren aurkako nazioarteko hilabetea da. Horrekin bat eginez, Mater ontzi museoak itsas zeharkaldia abiatu zuen hilaren 4an Bilboko portutik, eta Hego Euskal Herriko hainbat portutan egingo du geldialdia herritarrak hausnarketara bultzatzeko. Portu horietako bat izango da Getariakoa. Hain zuzen, asteazken honetan, hilak 19, iritsiko da ontzia bertara, eta lau egunez doako hainbat jarduera parte hartzaile egiteko aukera izango dute herritarrek: bisitak ontzira, haurrentzako sormen eta birziklatzeko tailerrak, eta zinema saioak, besteak beste.

Pasaia eta Getaria artean nahiz Getaria eta Mutriku artean itsas bidaiak ere egingo dituzte, bata aurreneko egunean eta bestea azkenekoan, eta horiek ordainpekoak izango dira.

Informazioa eskuratzeko eta erreserbak egiteko –itsas ibilbideak egiteko, esaterako, beharrezkoa da– info@mater.eus helbidera idatzi daiteke mezua, edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu.

Tokiko eragileen inplikazio bila

Antolatzaileek azaldu dutenez, herri bakoitzean "tokiko eragileak inplikatu" nahi dituzte, "sinergiak bilatzeko eta tokian tokitik arazoaren globaltasunera eta konponbideetara jotzeko".

Hala, herri bakoitzean Itsas Erraldoien martxa egingo dute "tokiko pertsona eta erakundeekin batera". Saio horretan desfilea eta antzerkia uztartuko dituzte kalez kale,  "zientzia, gizartea eta kontsumoa ardatz hartuta, itsasoko zaborren inguruko eztabaida irekia sustazeko".

Haritz Alberdi Getariako alkateak UROLA KOSTAKO HITZAri azaldu dio egitasmo horrek "ekarpen handia" egiten duela herrietan: "Gustu handiz hartzen dugu Mater ontzia herrian, itsasoen eta ingurugiroan defentsan ezinbesteko ekarpena egiten dutelako herrietan, herritarrentzat, egitasmo desberdinak martxan jarrita eta, gainera, modu oso hurbil eta erakargarrian".

Horregatik, getariarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu Alberdik.

Egitaraua

Lau egunez, asteazkenetik larunbatera, honako ekintzak egingo dituzte portuan:

Uztailak 19, asteazkena

  • 15:00-17:00. Nabigazioa Pasaiatik Getariara, Mater ontzian. 50 euro balio du, eta izena aurrez eman behar da.
  • 19:00. Itsas Erraldoien Martxa, Mater ontzitik abiatuta.

Uztailak 20, osteguna

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Bisita Ekoaktiboa Mater ontzi-museora.
  • 11:00-12:30 eta 17:00-18:30. Save the ocean izeneko sormen tailerra, Mater ontzian.
  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Itsas Zaindari Gunea, Mater ontziaren parean.

Uztailak 21, ostirala

  • 11:00-14:00. Bisita Ekoaktiboa Mater ontzi-museora.
  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Itsas Zaindari Gunea, Mater ontziaren parean.
  • 17:00-18:00. Itsas Hondakinen Karakterizazio Tailerra, Mater ontzian.
  • 18:00-19:00. Itsasoko Plastikoak Biziberritzen Tailerra, Mater ontzian.
  • 22:00. Cimasub: Zinema Ontzian, Mater ontzian.

Uztailak 22, larunbata

  • 15:00-17:00. Nabigazioa Getaria-Mutriku artean. 50 euro balio du bidaiak eta izena aurrez eman behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide