Getariako gazteek hilaren 21era arte eska ditzakete alokairurako dirulaguntzak

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 12a

Getariako udaletxea.

18 eta 35 urte arte eduki behar dituzte eskatzaileek, eta udalaren dirulaguntza bateraezina izango da Gaztelaguneko dirulaguntzarekin.

Getariako Udalak epea zabaldu du herriko gazteek –18 eta 35 urte bitartekoek– alokairurako dirulaguntzak eska ditzaten. Uztailaren 10ean ireki zuten epea, eta datorren astean amaituko da, hilaren 21ean. Eskaera egiteko hainbat datu eman behar dira, eta esteka honetan eskura daiteke eskaera orria.

Dirulaguntza ematerakoan, udalak soilik kontuan hartuko ditu 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko alokairu gastuak, eta horiek jada ordainduta egon beharko dute. Alokairuaren kontratuak, berriz, gutxienez urtebetekoa izan beharko du.

Bestalde, udalak azaldu du dirulaguntza hori tramitatu aurretik, eskatzaileek ondo egiaztatu beharko dutela ez dituztela baldintzak betetzen Gaztelaguneko dirulaguntzak eskuratzeko. Izan ere, bateraezinak dira bi laguntza horiek, "hala arautzen baitu Eusko Jaurlaritzaren 2018ko abenduaren 18ko arauak". Horregatik, 24.500 euro arterako diru sarrerak dituzten gazteei zuzenean Gaztelaguneko dirulaguntzak eskatzea gomendatu die udalak.

Xehetasun guztiak, ordenantzan

Familia-unitatea osatzen duten pertsona guztiek batera duten diru-sarreren muga, kopuru hauek baino txikiagoa izan beharko du: 28.000 euro gordin urtean (eskatzaile bakarra bada) eta 35.000 euro gordin urtean (bi eskatzaile edo gehiago badira familia-unitatea osatzen duten pertsona guztiak).

Laguntza hori elkarrekin bizi diren lagunek ere eska dezakete.

Xehetasun guztiak ordenantzan daude jasota, eta hemen ikus daiteke ordenantza.

Dirulaguntzaren hurrengo deialdia abenduan egingo du udalak. 2023ko uztailetik abendu arteko gastuak ordaintzeko izango da, eta eskatzaileek berriz egiaztatu beharko dute dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide