Igande honetan, hilaren 16an, jokatuko dute IV. San Anton Bira itsas zeharkaldia Getarian, Gaztetape hondartzatik abiatuta. Izen bereko irlari bira eman, eta Malkorbe hondartzan amaituko dute proba parte hartzaileek. 2.600 metro inguruko ibilbidea izango da, eta denak batera abiatuko dira. Marea beherarekin egingo dute igeri, 10:30ean izango baita marea behera.
Malkorbe hondartzan, Gurutze Gorriaren eraikin inguruan banatuko dituzte dortsalak igandean 08:30etik 09:30era, eta 10:00etan hasiko da itsas zeharkaldia, Gaztetape hondartzatik. Getaitrik jakinarazi du "neoprenoa debekatuta" egongo dela; hots, bainujantzian egin beharko dela igeri, araudiaren arabera uraren tenperatura altuegia delako neoprenoa erabiltzeko.
Izena emateko azken orduak
Izena emateko epea igandean amaitu zen berez, baina proba antolatzen duen Getaitri taldeak epea luzatzea erabaki du, eta hala, ostegun gauerdian amaituko da apuntatzeko aukera. Animatzen denak izena Kronoak.com webgunean eman beharko du izena.
Dena den, antolatzaileek uste dute "kopuru polita" aterako dela igandean zeharkaldian. "Pandemiaren ondorioz beherakada nabaritzen ari gara triatloietan eta itsas zeharkaldietan parte hartzen duten kirolarien kopuruan, baina Getarian, oraingoz, mantentzen ari gara lehengo kopuruak", azaldu dute.
Amaieran, hegaluzea parrillan
San Anton Birako irabazleek dirurik ez dute jasotzen sari banaketan, baina garaikurrak emango dizkiete aurreneko hiru gizonezkoei eta emakumezkoei, eta baita herriko lehendabizikoei ere.
Parte hartzaile guztiek igeriko silikonazko txapela jasoko dute, nork bere zenbakiarekin igeri egiteko, eta elastiko bat ere emango diete. Proba amaitutakoan, Getariako hegaluzea parrillan doan jateko aukera izango dute beti bezala.