Getariarrek iaz egin zuten aurreneko aldiz Herri Ginkana, eta orduko arrakasta ikusita –180 herritarrek parte hartu zuten 23 taldetan banatuta–, bigarrenez antolatzea erabaki dute udalak eta Urritza aisialdi taldeak. Jokoak badu data: uztailaren 29an egingo dute, larunbatarekin.
Era berean, zabaldu dute izena emateko epea, uztailaren 15era arte. Turismo Bulegoan bertan eman daiteke izena, edo kultura@getaria.eus helbidera mezua idatzita.
Ginkanean parte hartzeko zortzi pertsonako taldeak osatu beharko dira –haur eta helduz osatutakoak–, eta izena ematerakoan horien izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat jarri ere.