Space demo izenburupean kaleratu duzue hirugarren lana. Proba bat al da?
Lehen diskoa 2017an kaleratu genuen; bigarrena 2020an. Hirugarren lan luzea urte honen amaieran grabatu nahi genuen, baina kontzertu asko geneuzkan. Udaberrian ere bira bat suertatu zitzaigun Andaluzia [Espainia] aldean, eta ez genuen nahi urte bukaerara arte lan luzea grabatzeko zain egotea. Lan luze horretan joango diren abestiak hartu eta horien bertsio esperimentalak kaleratu ditugu Space demo diskoan. Ez da disko luze formal bat, bertsio esperimentalagoekin sortutako demo bat baizik.
Bertsio digitalean eskura daiteke, eta kasetean ere bai.
Hala da. Gure hasierako puntu esperimental hori berreskuratu nahi genuen. Hasieran bi bakarrik ginen [Aritz Aranburu eta Paula Estevez], eta erritmo kaxak eta bateriak grabatuta erabiltzen genituen. Lehen diskoa ere kasetean atera genuen. Erdibide honetan, esentzia horretara bueltatzeko saiakera bat izan da hirugarren lana.
Bigarren zatiak dira azken lanean bildutakoak: Hire Bidetik II abestia, esaterako. Lehen zatiak urte bukaerako lan horretan plazaratuko al dituzue?
Bai, hori da. Urte bukaeran grabatu eta datorren urtean kaleratuko dugu. Ez da orden konbentzionala kanten remixak ateratzea eta gero formatu klasikoago batera bueltatzea, baina, zergatik ez? Ez dugu beldurrik gauza berriak probatzeko.
Nolakoa izan da lan horien sortze prozesua?
Zuzenekoetan jotzen genituen kaleratu ditugun lau kantak. Lan luzerako ondo eta patxadaz grabatu beharrean, etxean bertan genituen gauzekin grabatzea erabaki genuen. Etxean sintetizatzailearekin esperimentatzen hasi ginen, eta geneuzkan egitura, melodia eta hitzei beste forma bat ematen. Etxean sortzeko aukera ematen zigun formatu batera pasatu ginen.
Abestiak eginak zeuden, baina estudioan rock formatuan grabatu beharrean, etxean grabatzeko moduko formatu batera pasatu genituen abesti horiek.
Taldearen hastapenetara bueltatzeko saiakera bat izan al da?
Soinu aldetik betikoa den arren, guretzat izan da esperimentatzeko aitzakia bat. Paulak [Estevez], adibidez, ez zuen lehenago instrumenturik jo. Musikaz aparte, bideoak eta grafikak ere gauzatu ditugu. Kaseteak ere guk ekoitzi ditugu, eta eskuz estanpatu ditugu azalak; kamisetak ere guk geuk egin ditugu etxean.
Rock formatu klasiko batean geunden azken urteetan, eta gogoa geneukan esperimentaziora itzultzeko. Horra itzuli gara, baina lan luze berria rock formatu horretan grabatuko dugula jakitun. Aurreiritzirik gabe, gauza berriak egiteko daukagun puntu hori berreskuratu nahi genuen. Zuzenekoetan Joseba Artza bateria jotzailea ere aritzen da. Bai. Taldea Paulak eta biok osatu dugu, baina beti ibiltzen ginen erritmo kaxarekin eta bateriarik gabe. Sortze prozesuan biok jarraitzen dugu, baina zuzenekoetan hiru gara, bai.
Zer ematen dio bateriak zuzenekoari?
Indarra, eta eszenatoki handiagoetan jotzeko presentzia gehiago, esango nuke. Azken bi urteetan horrela eman ditugu kontzertuak. Hasieran, biok formatu intimoago bat eskaintzen genuen, eta bere grazia zuen horrek ere, ez zelako oso konbentzionala. Leku gehiagotatik deitzen hasi zirenean gehitu ge- nuen bateria, baina ez dugu baztertzen lehengo formatura itzultzea, emanaldiaren arabera.
Kontzertu ugari eman dituzue atzerrian. Bilatu duzuen zerbait izan da, edo etorri egin da?
Biak. Hasieran bilatu egin dugu, guk Getariako Gaztetxean-eta urte asko daramatzagulako kanpoko taldeei-eta kontzertuak muntatzen, eta taldea bera ikusten dugulako Europako underground zirkuitu baten barruan. Kontaktuak geneuzkan horretarako, eta kanpora joaten hasi ginen. Gero, aukera gehiago suertatu zitzaizkigun. Esperientzia bizitzeko ere izan zen, baina baita gure eskaintzarekin bat etor zitekeen publikoa bilatzea posible zela uste genuelako ere.
Iaz, esaterako, bederatzi kontzertuko bira bat egin genuen Europan zehar. Aurten berriro deitu digute jo genuen leku horietatik.
Zer-nolako hilabeteak datozkizue orain?
Ekainean eta uztailean sei bat kontzertu emango ditugu Euskal Herrian, eta geldialdia egingo dugu gero, abuztuan eta irailean. Urrirako eta azarorako lauzpabost kontzertu ditugu lotuta. Urte bukaeran ekingo diogu disko formal eta luze hori grabatzeari.