Hamabi bikotek jokatuko dute Nerea eta Andoni II. Pala Memoriala

Onintza Lete Arrieta 2023ko ekainaren 7a

Iazko finaleko irudi bat.

Antolatzaileak pozik dira "zifra polita" lortu delako, eta azaldu dute sari banaketaren ondoren "ekitaldi txiki eta hunkigarria" egiteko asmoa dutela beren lagunak gogoratzeko.

Larunbat honetan jokatuko dute Nerea eta Andoni II. Pala Memoriala Getarian, eta antolatzaileek jakinarazi dute hamabi bikote –neska-mutilez osatuak– animtu direla kirola eta omenaldia uztartzen dituen saioan parte hartzera. Hala, bederatzi partida jokatuko dituzte –bi prebia,  final laurdenak,  finalaurrekoak eta finala kontuan hartuta–.09:30ean hasiko dira partidak herriko frontoian, baina eguraldi txarra egokitzen bada kiroldegian egingo dute txapelketa.

Antolatzaileak pozik daude partaide kopuruarekin –gehienez hamasei bikoterentzat zegoen tokia–, eta egunari buruzko xehetasunak ere eman dituzte: "Zifra polita lortu dugu bigarren urtez jarraian, eta memorial txukuna geratuko dela iruditzen zaigu. Amaieran, sari banaketa eta ekitaldi txiki eta hunkigarri bat egingo dugu lore eskaintzarekin eta globo jaurtiketarekin, eta azkenik, Berdura Plazan jana eta edariak egongo dira partaide, senide, lagun eta gerturatzen den ororentzat", azaldu dute.

Nerea Iribar eta Andoni Galarraga getariarrak 2021ean hil ziren. "Biak oso kirolzaleak" izaki, haien lagunek iaz erabaki zuten kirol txapelketa bat antolatzea lagunak gogoan izateko. "Biek konpartitzen zuten afizioetako bat ziren palak. Hori horrela, 2022an hasi genuen bideari jarraituz, urtero bien omenaldi modura pala memoriala antolatuko dugu herrian, kirola eginez, elkarrekin elkartu eta gure lagunez oroitzeko, omenaldi polit bat eskainiz eurei", azaldu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide