Atzo ekin zioten 25. Salbatore pilota txapelketari. Aurtengo edizioa "berezia" izango da; batetik, inoizko parte hartze handiena izango duelako, eta bestetik, txapelketak 25 urte bete dituelako. Xabier Etxaniz Gure Txeru elkarteko ordezkariak aurkezpenean azaldu zuenez, aurtengoan "marka guztiak" hautsi dituzte. "128 bikotek eman dute izena txapelketan, hiru kategoriatan banatuta: 43 kadetek, 37 jubenilek eta 48 nagusik. Aurreko edizioarekin alderatuta, berrikuntza bat izango du txapelketak; nagusien mailan ez dugu adin mugarik zehaztu. Hain zuzen ere, maila horretan jardungo dira bikote gehien, baina nabari da atzetik badatorrela erreleboa. Gustura gaude, guztira iaz baino 40 bikote gehiagok eman dutelako izena".
Bikoteak 51 klubetatik bertaratuko dira; Gipuzkoatik, Bizkaitik, Nafarroatik eta Errioxatik (Espainia). "Nabari da txapelketa pilotariengana iristen dela eta horiek pilota gosez direla. Gainera, nagusien maila zabaldu dugunez, profesionaletan aritutako pilotariak ere izango ditugu".
Orain arte, maiatzeko astelehenetan eta astearteetan jokatu izan dituzte partidak, eta ekainetik aurrera, larunbat arratsaldeetan. "Aurten bikote asko direnez, hasieratik astean hiru egunetan jokatuko da txapelketa; maiatzean astearte, ostegun eta ostiraletan izango dira partidak. Izan ere, maiatzean larunbat arratsaldetan plazan hainbat ekitaldi izango dira, eta ekainetik aurrera helduko diogu betiko egutegiari", zehaztu zuen Etxanizek. Hala, herritarrak "pilotaren festara" gonbidatu zituen. "Aurreraxeago emakumeen txapelketa eta haurrena etorriko dira. Beraz, hiru hilabete polit eta bete-beteak ditugu aurretik".
25 urteko ibilbidea
Etxanizek txapelketaren urteurren borobila nabarmendu nahi izan zuen. "Eskerrak eman behar dizkiegu hemen ditugun fenomeno hauei honaino iristeagatik. Xegundok ondo esaten zidan: ‘Guk 25 urte egin ditugu, ea zuek beste 25 egiten dituzuen’. Ilusioa eta lan egiteko gogoa, behintzat, baditugu". Jarraian, urte askoan Gure Txeru elkarteko arduradun izan zen Xegundo Alkortak gogoratu zuen "proba gisa" abiatu zutela txapelketa. "Gure pilotariekin beste herrietara joaten ginen jokatzera, eta guk geuk ere txapelketa bat antola genezakeela pentsatu genuen. Proba egin genuen, eta gaur arte. Aipatu beharra dago inguruan jende asko izan dugula laguntzeko prest. Haurrekin ibiltzen ginenean ere, gurasoak beti egoten ziren laguntzeko prest, eta horrek asko errazten du guztia".
Etxanizek anekdota gisa azaldu zuen txapelketa abiatu zutenean bera "jaio gabe" zegoela oraindik. "Bitxikeria da, baina ea hemendik 25 urtera artean jaio gabe dagoen getariarren batek aurkezten duen txapelketa".