Nerea Iribar eta Andoni Galarraga getariarrak 2021ean hil ziren. "Biak oso kirolzaleak" izaki, haien lagunek iaz erabaki zuten kirol txapelketa bat antolatzea lagunak gogoan izateko. "Biek konpartitzen zuten afizioetako bat ziren palak. Hori horrela, 2022an hasi genuen bideari jarraituz, urtero bien omenaldi modura pala memoriala antolatuko dugu herrian, kirola eginez, elkarrekin elkartu eta gure lagunez oroitzeko, omenaldi polit bat eskainiz eurei", azaldu dute antolatzaileek.
Txapelketa ekainaren 10ean jokatuko dute herriko frontoian, eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 31ra arte – palamemoriala@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko, partaideen izen-abizenak zehaztuz eta harremanetarako telefono zenbaki bat jarriz–. Doakoa izango da parte hartzea, eta bi baldintza egongo dira: 16 urte beteta izatea, eta bikotea neska batez eta mutil batez osatuta egotea, txapelketa mistoa delako.
Antolatzaileek jakinarazi dute gehienez hamasei bikotek parte hartu ahalko dutela pala lehian, eta izena emandako hurrenkera errespetatuko dutela partaidetza mugatu beharko balute.
Goiz bat, eta ondoren hamaiketakoa
Iaz bezala, goiz bateko jarduera izango da. 09:30ean hasiko dira partidak, eta 15:30 aldera amaitu. Herriko frontoian jokatuko dituzte; eguraldi txarra egokitzen bada, berriz, kiroldegian egin beharko dute memoriala.
Partida guztiak kanporaketak izango dira; hau da, partida irabazten duen bikoteak aurrera jarraituko du eta, bestea, kalean geldituko da.
Finalaren ondoren, partaideek eta ikusleek izango dute beren saritxoa, hamaiketakoa eskainiko baitute denentzat Berdura Plazan. Finala jokatzen duten bi bikoteek ere jasoko dute "detaile bat" pala txapelketako laguntzaileen partetik. Honakoek lagundu dute Nerea eta Andoni Pala Memorialean: udalak, Indauxeko langileek, Gure Txeruk, Itxaspe tabernak, Ketak, Kabian-ek eta Txikota ikus-entzunezkoek.