Aro garaikidea lantzen ari dira Iturzaeta ikastetxeko LH 6. mailako ikasleak, eta argazki erakusketa polita jarri dute ikusgai udaletxeko erakusketa aretoan: herriko hainbat toki aukeratu, eta lehengo eta oraingo irudiak jarri dituzte, perspektiba beretik eginak, konparazioa egiteko eta "herriko bilakaera nolakoa izan den ikusteko eta zergaitia aztertzeko", Iturzaetako irakasleek azaldu dutenez.
Gaur egungo argazkiak ikasleek beraiek atera dituzte –21 ikasle dira LH6an–, "gurasoek utzitako sakelakoekin, gehienek ez dutelako eskuko telefonorik oraindik".
Aro garaikideak 1800. urtetik orain artekoa barnebiltzen du, baina aurkitu dituzten argazki zaharrak 1900. urte ingurukoak dira, eta beraz, orduko eta oraingo konparaketak egin dituzte. "Ikasleak asko harritu dira herria lehen nolakoa zen ikusi dutenean. Lanketa polita izan da, oso gustura egin dutena".
Erakusketa zabalik egongo da egunero 10:00etatik 19:00etara, aste honetan zein hurrengoan. Hala, oraindik erakusketa ikusi ez duten herritarrak animatu dituzte udaletxera gerturatzera.