Emakumezkoak protagonista IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoan

Onintza Lete Arrieta 2023ko maiatzaren 4a

Xake taula bat.

Elkano Xake Klubak ohiko lehiaketa antolatu du Antxoa Egunaren harira larunbat goizerako, baina aurtengoan, Emakumeen Adiskide Zirkuituko partidak jokatuko dituzte. Gainera, amaieran, herritarrek Ukrainako Prochaieva ahizpa xakelarien kontra aritzeko aukera izango dute.

Elkano Xake Klubak laugarrenez antolatu du Juan Sebastian Elkano Xake Txapelketa. Ohi bezala, Antxoa Eguneko egitarauaren parte izango da lehiaketa, eta Berdura Plazan jokatuko da larunbat honetan, hilak 6, 10:00etan hasita.

Emakumeak izango dira aurtengo protagonista nagusiak, Emakumeen Adiskide Zirkuituko partidak antolatu baititu klubak Euskal Herriko Xake Federazioaren eskutik. Hamar minutuko partidak izango dira, denek denen kontra jokatuko dute, eta 12:30erako amaitzea aurreikusi dute.

Sari banaketaren ondoren, bazkaria egingo dute elkarrekin berrogei lagun inguruk. Antxoa jana egingo dute, noski.

Horrez gain, ordea, Asturiasen (Espainia) bizi diren Prochaieva xake jokalari ahizpek erakustaldia eskainiko dute. Ukrainarrak dira, eta horiek ere xake federazioaren eskutik ariko dira Getarian. Lau ahizpa dira, eta bakoitza lau aurkariren kontra ibiliko da aldi berean. Herritarrek aukera izango dute haien kontrako jokatzeko, eta animatzen denak momentuan eman ahalko du izena. 

Getariarrek beraien taldetxoa osatzeko asmoa dute, klubean lau jokalari direlako eta herrian beste seiren bat afizionatu badirelako. «Beste jokalariekin aritzeko aukera izango dugu, eta haiengandik ikasteko, hori da gure helburua», adierazi du Balbino Inza Elkano xake klubeko ordezkariak. 

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide