Estilo ugari, baina dantza nagusi sanprudentzioetan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko apirilaren 30a

Bart ospatu dituzte Getariako auzoko jaiak eta bertako nahiz kanpoko bizilagun asko bertaratu dira herri bazkariko menuak eta bazkalosteko festak erakarrita.

Getariako San Prudentzio auzoan festak izan dituzte asteburuan eta giro ezin hobean ospatu dituzte. Atzokoa izan zen egun handia eta bazkalorduan lehertu zen festa; izan ere, hamarnaka lagun bildu ziren herri bazkarian zurrukutuna eta zikiroa jateko. Ondoren, Naparjito festarekin eman zioten jarraipena Mexikortxo Band musika taldeak jarritako doinuen erritmora.

Mahaiak jaso aurretik hasi zen musika mexikarra San Prudentziora eraman zuen taldearen kontzertua. Behin martxa hartuta, La Jodedera taldearen txanda iritsi zen, eta bi orduz baino gehiagoz aritu ziren musika kubatarra jotzen. Gozatu ederra hartu zuten bertaratuek kunbiak dantzatzen. Errematea, Skareggekasko talde sortu berriak jarri zuen. San Prudentzio bertako, eskualdeko hainbat herritako, nahiz Bizkaiko eta Kataluniako musikariez osatutako musik taldearen debuta izan zen eta harrera ezin hobea izan zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide