Elkanoren Getaria izeneko erakusketa zabaldu berri dute Getariako Turismo Bulegoan, iazko Elkanoren Lehorreratzerako propio sortutako jantziak ardatz hartuta. Hogei emakume aritu ziren hainbat hilabetez antzezlanerako 34 piezak josten, eta aurrena "ikerketa lan handia" egon zela azpimarratu du Turismo Bulegoko Ines Garcia erakusketaren arduradunak. Munduko bost kontinenteetan duela 500 urte nola janzten ziren ikertu behar izan dute, eta ez da erraza izan informazioa aurkitzea.
Gaur zabaldu dute erakusketa –epe luzerako izango da eta ekainetik aurrera bisita gidatuak egitea aurreikusten dute–, eta Garciak azaldu du erakusketa berri honetako elementu batzuk jada Turismo Bulegoko hormetan zeudela: lehen mundu birari lotutako munduko mapa handi bat, esaterako. Hortik abiatuta, hainbat zatitan antolatu dute erakusketa: batetik, lehen mundu bira hori nola izan zen azaldu dute maparen bitartez; bestetik, "emakumearen paperari garrantzia emateko" atal propioa jarri dute, eta bertan, besteak beste, Elkanoren ama –Catalina del Puerto– ageri da; Getarian arrantzak zeukan garrantzia ere islatu dute; ondoren, erakusketaren muina dator, kontinente bakoitzaren trajea erakusteaz gain, hori zertan oinarritzen den azaldu dutelako; eta, azkenik, Lehorreratzea bera azaltzen du erakusketak, iaz bete zirelako 500 urte lehen mundu biratik, eta 100 urte, berriz, aurreneko aldiz herrian antzezpena egin zutenetik.
Erakusketan arropak dira protagonistak, baina bestelako zenbait elementu ere jarri dituzte –azken Lehorreratzean mundua eta aniztasuna irudikatzen zuen munduaren bola eta munduko hainbat tokitako espezieak, esaterako–, eta baita QR kodeak ere, paneletan dagoen informazioaren osagarri. Dena den, Garciak azaldu du bulegoan bertan badituztela QR kodeetako informazio hori biltzen duen liburuxkak, hala nahi duten bisitariei eskura uzteko.
Ikerketa lana eta aukeraketa
Duela 500 urteko arropak nolakoak ziren ikertu behar izan zuten iaz, baina baita erabakiak hartu ere: esaterako, Amerika kontinenteko zer zonatako arropak erakutsi erabaki behar izan zuten. "Orain arte, gaur egungo Estatu Batuetako indiarren arropak erabiltzen genituen Lehorreratzean, baina Elkano eta ez ziren handik pasatu, Patagonia ingurutik baizik. Horregatik, iaz hango arropak egin genituen, garai hartan inguru hartan nola janzten ziren aztertuta", kontatu du Garciak.
Jantziei dagokienez, batez ere XVII. eta XVIII. mendeko ilustrazioak aurkitu dituzte, eta horregatik, duela 500 urteko kronisten deskripzioetara jo behar izan dute jantziak diseinatzerakoan.
Ozeanian ez zuten geldialdirik egin lehen mundu biran, eta koninente horretatik Zeelanda Berriko jantziak prestatzea erabaki zituzten Lehorreratzerako, eta tatuajeei ere garrantzia eman zieten. Afrikako jantziak egiteko, berriz, "zailtasun handiak" izan zituzten, "erreferentzia askorik ez zegoelako". Azkenean, Cabo Verdeko tela berezi bat aukeratu zuten kontinente hori errepresentatzeko. "Jakin genuen Cabo Verdeko esklabuek pano di terra izeneko oihalezko arropa erabiltzen zutela, eta hortik abiatuta egin genituen diseinuak".
Euskal Herriko jantziak ere nabarmendu nahi izan dituzte, ordea. "Beti jarri izan dira nolakoak ziren garai hartako Gaztelako koroako jantziak, baina garai hartan justu Euskal Herrian bagenituen oso esanguratsuak ziren elementu batzuk: burukoak. Horien inguruko informazioa lortzea ere asko kostatu zaigu: esanahiak, nola egiten ziren... Irudiak badaude, baina ikerketak ez horrenbeste". Hainbat museorekin hitz egin dute gai horren inguruan: San Telmo museoarekin eta Errenteriako Jantziaren Zentroarekin, esaterako, baita Madrilgo beste hainbat museorekin ere.
Ikerketa hasi zuten Lehorreratzerako arropa berriak josi behar zituztelako, baina aurten ikerketarekin jarraitu dute, erakusketan ahalik informazio zehatzena emateko. "Azkenean, ia bi urteko lanketa izan da", azpimarratu du.
Eskerrak
Arropak josten aritu diren boluntarioei eskerrak eman nahi izan dizkiete, baita Balentziaga Museoari ere, josteko tokia eta makinak uzteagatik eta izandako jarreragatik.
Haritz Alberdi alkateak azpimarratu du, berriz, erakusketa berri honek "balioan" jartzen duela "herritarrek egindako lan hori guztia". Alkatearen iritziz "altxorra" da "bai arropa bera, bai hori sortzeko modu anonimoan egindako bolondres lana", eta hori guztia jendaurrean jartzeari inportantea iritzi dio.
Ordutegia: ekainera arte
- Asteartetik ostegunera, 09:00etatik 15:00etara.
- Ostiraletan eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:15etik 18:15era.
- Igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara.
Ordutegia: ekainaren 1etik irailaren 31ra
- Egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.