Bereziak omen dira San Prudentzio auzoan, Getariako goikalde hartan, festak antolatzeaz arduratzen direnak. Eta, antza, jendeari gustatu egiten berezitasun hori. Urtero-urtero haizeak jo ahala egitaraua aldatzen ibiltzen dira, baina hala ere, jendea zain-zain: esaterako, larunbat honetako sanprudentzioetako herri bazkarirako 100 sarrerak salgai jarri eta ordubetera agortuta omen ziren. "Harrituta" daude horrekin antolatzaileak beraiek ere, Libe Goenagak eta Ekaitz Estebanek –antolatzaileetako bi– HITZAri azaldu diotenez. Harrituta bai, baina "arrakastarekin pozik" ere bai. "Hemengo festak probatu dituenak errepikatu egiten du, ikaragarri ondo pasatzen dugulako", azpimarratu du Goenagak.
Auzoan betidanik ospatu izan dituzte sanprudentzioak, baina azken urteetan indar berria hartu dute, auzotar batzuek SPL San Prudentzioren Lagunak elkartea sortu zutenetik 2014. urtean. Dozena bat lagun aritzen dira festak antolatzen, "baina auzoan bizi direnak baino askoz jende gehiago elkartzen da festaz gozatzeko", azaldu dute.
Bihartik igandera bertso saioa, herri bazkaria, kontzertuak eta umeentzako ekintzak izango dituzte auzoan, eta iaz boxeo ikuskizun bitxi batekin hasi bazituzten festak, oraingoan bertso saioa aukeratu dute jaiei hasiera emateko. Ez da ohiko saioa izango, ordea. "Zarauztarrek esan ziguten ez zutela urteroko kopla txapelketa egin behar, eta ideia kopiatzea pentsatu genuen; haiek zintzarria ematen duten bezala, guk dunba ematea pentsatu dugu". Ardiek mendira eramaten duten zintzarri mota da dunba, zintzarriak baino kanpai handiagoa duena.
Zortzi bertsolarik egingo dute saioa, eta herritarrek bozkatu ahal izango dute gustukoena, Zarautzen bezala. "Han papertxoak banatzen dituzte ikusleen artean; guk pentsatu dugu sakelako telefonoaren bitartez egitea bozketa", aurreratu dute. Horretarako QR kode edo url bat jarriko dute pankarta batean, eta haren bitartez bozkatzeko aukera izango dute ikusleek. Xabi Aizpurua izango da gai jartzailea, eta musikariak, berriz, Goenaga bera, Aner Peritz eta Joseba Gallego.
Auzoko plazako karpan izango da emanaldia, eta sarrerak aurrez salgai daude Harritarten bost euroan, baina saioa hasi aurretik ere bertan erosi ahalko dira. Kopla txapelketa gelditzeko etorri den galdetuta, Esteban eta Goenaga ez daude batere ziur. "Agian bai, eta agian ez. Beharbada zirkua ekartzea bururatzen zaigu datorren urtean, ezin jakin".

Naparjito festa, bihotza
Egitarauan bada, dena den, urtero-urtero mantentzen den zeozer: larunbateko herri bazkaria, eta hango menua –zurrukutuna eta zikiroa–. 2015etik mantendu dute hori.
Berriagoa izan arren, 2019tik Naparjito festa egiten dute, eta hori ere mantentzeko asmoa dute, festen bihotza baita. "Abendu aldera hasiko gara hurrengo festak prestatzeko lanetan, eta Naparjito festa oinarri hartuta osatuko dugu beste guztia", azaldu du Estebanek. "Mojitoak eskaintzen ditugu karpan, eta aurreneko urtean La Jodedera zetorrenez eta haiek nafartasun hori islatzen zutenez, Naparjito festa izena jarri genion".
Aurten berriro dator taldea, eta beste bi kontzertu ere izango dira, bat Mexikortxo Bandek eskainiko duena, eta bestea, Skareggekasko taldeak. Goenaga bera da azken horretako kidea, eta eskualdeko herritarrak animatu ditu auzora bertaratzera asteburuan, "sekulako festak" aurkituko dituztelako.
Egitaraua
Bihar, ostirala.
-22:00. San Prudentzioko Dunba kopla saioa: Danel Olano, Markel Eizagirre, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Eñaut Martikorena, Eli Pagola, Aitor Sarriegi eta Julio Soto.
Etzi, larunbata.
-14:00. Naparjito festa. Bazkari herrikoia eta kontzertuak: Mexikortxo Band, La Jodedera eta Skareggekasko.
Etzidamu, igandea.
-Goizean zehar. Getariako panderojoleak eta trikitilariak.
-12:00. Urritzarekin aisialdi ekitaldiak HH2tik LH5era bitartekoentzat.
-13:30. Gure Txeruko dantzarien emanaldia.