Heriotzari buruz hitz egiteko saio irekiak eta doakoak antolatu ditu Getariako Udalak udaberri honetarako. Heriotzaz hitz egin dezagun izenburupean, lau saio izango dira, eta Manex Beristain azpeitiarrak gidatuko ditu. Aurrenekoa martxoaren 30ean egin zuten, eta bihar izango da bigarren saioa, Alondegian, 19:00etan hasi eta 21:00etara arte.
Hurrengo hitzorduak ere zehaztuta dituzte: maiatzaren 25ean eta ekainaren 15ean izango dira bi solasaldi horiek.
Azpimarratu dute gaia "errespetuzko giroan, elkar entzunez eta konfiantzazko espazio seguruan" partekatzeko aukera ematen dutela saioek. "Norbere heriotza barneratzeko tresnak landuko ditugu, dolu prozesuaren inguruko dinamikak egin eta bakoitzaren kezka, egonezin eta ibilbide pertsonalerako baliabideak garatu. Beti ere, heriotza, bizitzaren parte bezala ikusiko dugu, eta bizitzan jarriko dugu fokua", zehaztu dute.