Balentziaga Etxearen marrazkiak 1943-1964 erakusketa zabaldu dute Balentziaga Museoan, eta maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai. 120 marrazki eta dokumentu biltzen ditu erakusketak, eta hauek guztiak XX. mende erdialdeko hamarkadan Balentziaga Etxean egindako lanaren erakusgarri dira. Erakusketaren aurkezpenean izan dira Lorenzo Riva italiar diseinatzailea (bildumaren jabea); Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Andoni Iturbe Kultura sailburuordea; Miren Vives Balentziaga Museoko zuzendaria; eta Haritz Alberdi Getariako alkatea.
Marrazki bilduma Euskadiko Artxibo Historikoaren Riva dokumentu-funtsaren barnean dago, 8.000 erreferentzia inguru ditu, eta Lorenzo Riva italiar diseinatzailea 1980az geroztik markaren zuzendari sortzailea da. Hori horrela, 2022. urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak dokumentu funtsa erosi zion Rivari.
Esku ezberdinek eta hainbat teknika erabilita egindako zirriborroak eskaintzen ditu bildumak, baita zenbait dokumentu pribatu eta Balentziagak eskuz idatzitako ohar ugari ere. Erakusketaren arduradunek azaldu dutenez, "funtsaren ia bosten bat aurretiazko zirriborroek osatzen dute. Oharrik gabeko marrazkiok esplorazio-ideiak irudikatzen dituzte, eta denak ez dira bildumako modelo bihurtzen".
Halaber, "erakusketaren zatirik garrantzitsuena 1956 eta 1962 bitartean egindako tailerreko zirriborroei dagokie", arduradunek esan dutenez. Izan ere, "marrazkion bidez, Etxeak denboraldi bakoitzean aurkezten dituen modeloei buruzko informazio zehatza ematen dute". Zirriborro horiek erregistro zenbaki bat, gauzatzeaz arduratzen den première d’atelier delakoaren izena eta aurkeztuko den manikiaren izena daramate. Horrez gain, zirriborro gehienek material eta hornitzaileei buruzko informazioa dute, eta baita, ehun-lagin bat ere.
Merkaturatzea, salmenta eta antzerkirako zirriborroak
Zirriborro komertzialak ez dira oso ohikoak funtsean, 1950eko hamarkadakoak dira eta bildumen aurkezpenetarako egiten ziren. Desfile horiek, Parisko etxean egiteaz gain, Europako eta Ameriketako beste hiri batzuetan ere egiten ziren. Arduradunek azaldu duten moduan, kategoria honetan aurki ditzakegu, besteak beste, "erosketa prozesuan hainbat bezerori bidalitako zirriborroak, eta baita publizitate eta sustapen xedea izan zezaketen zirriborro landuagoak ere".
Gainera, osagarriei buruzko zirriborro multzo txiki bat ere badago. Balentziagak eskuz idatzita jaso zituen materialei eta koloreei buruzko oharrak daude bertan, baita kapelak eta burukoak jartzeko posizioak ere; "argi dago jostunak siluetaren sorkuntza prozesuan parte hartu zuela", aipatu du antolatzaileetako batek.
Ostera, funtsak antzerki emanaldietarako zirriborro ugari biltzen ditu, 1940ko hamarkadan egindakoak. Antolatzaileek azaldu dutenez "janzkera historikoaren ezagutza zabal eta zehatza agerian geratzen da zirriborro horietan". Besteak beste, Alice Cocéa aktoreak Echcec à Don Juan (1941) antzezlanean erabiltzeko egindako modelo batzuk aurki daitezke.
Artxibo publikoa
Horrelako tamaina eta garrantzia duen artxibo ezagun bakarra da honakoa. Ez dago munduan beste museorik Balentziagari buruzko horrelako dokumentu funtsa jasotzen duenik, eta gaur egun, Balentziaga Etxeak soilik dauka funts handiago bat; baina ez dago sarbide publikorik artxibo horietara jotzeko.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, "Balentziagaren mota horretako lehen bilduma da, eta arlo publikoaren esku dago; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura ondarea eratzeko".
Balentziaga Museoko zuzendari Miren Vivesen ustez, zirriborroen bildumak "bultzada handia ematen die museoko dokumentu funtsei. Erosketa horren bidez, museoarekin lotutako dokumentu ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartu egin da".
Funtsari esker, "ikerketa ildo garrantzitsuak zabalduko dira eta, ondorioz, Cristobal Balentziagaren sormen prozesuari buruzko ezagutza berria sortuko da", museoko arduradunaren esanetan.