Atzo, martxoak 28, onartuta gelditu da Getariako I. Berdintasun Plana. Getariako Udalbatzak aho batez onartu zuen egitasmoa, eta saioaren amaieran, udalbatzarreko emakumezko zinegotzi guztiek talde argazkia atera zuten.
Plana atzo onartu bazuten ere, Berdintasunerako Talde Eragilea jada eratuta dago udalean. Lehenengo urratsa 2023ko ekintzak eta kronograma zehaztea izan da, eta zeregin bakoitzaren arduraduna zehaztu dute. Planaren diagnostikoa eta diseinua Emun Aholkularitzaren laguntzarekin egin dute, eta haren aholkularitza izaten jarraituko du udalak ibilbidearen hasiera honetan.
Udala bi urtez aritu da I. Berdintasun Plana osatzen, eta prentsa ohar bidez azaldu duenez, lau ardatz nagusi ditu: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea; eta indarkeria matxista. Ardatz bakoitzean, datozen lau urteetarako helburuak eta horiek lortzeko burutu beharreko ekintzak jaso dituzte; guztira, hamasei helburu eta 66 ekintza ditu planak.
Hamasei helburu horien artean, hiru azpimarratu dituzte: udal langile eta ordezkari politikoak trebatzea berdintasun politikak garatzeko; emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzea; eta herritarrak feminismoaren inguruan sentsibilizatzea eta trebatzea. Plangintzak jasotakoa garatu ahal izateko udalean egitura berria behar dela era azaldu dute, eta aurreikusi dute egitura horretan "esparru ezberdinetako ordezkari politikoek eta udal langileek parte hartzea".
Aho batez
Plana udaleko bi alderdien aldeko botoekin onartu zuten atzoko udalbatzarrean; EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, alegia. Aitor Urresti EAJren bozeramale eta oposizioburuak positiboki baloratu du Getariako I. Berdintasun Plana, eta azaldu du EAJk ere hasieratik parte hartu duela planaren osaketan: "Agintaldian zehar egin diren bileretan parte hartu dugu, baita gure alderdiko emakume zinegotziek ere. Gure ustez planak oraindik baditu hutsune batzuk, baina uste dugu herriarentzat oso positiboa dela berdintasun plan bat izatea eta hurrengo agintaldiei begira, badugulako modu bat zer neurtu jakiteko eta zer ekintza egin. Berdintasunaren alde egiten den pauso oro pauso handia dela uste dugu", adierazi du.
Urrestik azaldu du horregatik eman zutela baiezkoa atzo, eta "berdintasunarekiko konpromesua beti" edukiko dutela azpimarratu du.
Prozesuaren garrantzia
Udalak kaleratutako prentsa oharrean garrantzia eman diote Getariako I. Berdintasun Plana diseinatu ahal izateko egindako bideari, prozesuari. Hala, azaldu dute 2021ean egindako diagnostiko prozesuan hamabi elkarrizketa egin zirela, horietako batzuk taldekakoak. Udal ordezkariak, udal langileak eta hainbat arlotako 27 emakumerekin bildu ziren; "elkartegintzakoekin, pentsiodunekin, hainbat sektore ekonomikotakoekin, migratuekin, talde feministakoekin eta hezkuntza komunitateko kideekin".
Herritar guztiei zabaldutako galdetegia ere egin zuten, eta guztira 73 erantzun bildu zituzten modu horretara.
Diagnostikoan ez ezik, diseinuan ere udal ordezkarien, udal langileen eta talde feministaren parte hartzea inportantea izan dela nabarmendu dute. "Horren helburua da herritarrengandik hurbil egongo den eta Getariako errealitatean eragiteko gaitasuna izango duen bide orri bat diseinatu ahal izatea".