'Munduari bira eman zion ontzia'-k bi Getariak lotu ditu

Onintza Lete Arrieta 2023ko martxoaren 27a

Erakusketaren irekiera ekitaldia, Lapurdiko Getariako Saraleginea museoan. (Getariako Udala)

Aspalditik senidetuta daude eskualde honetako eta Lapurdiko izen bereko bi herriak, eta larunbatean han izan ziren Getariako Udaleko ordezkariak Joseba Sarrionandiaren eta Aristides Hernandez Aresen liburuan oinarritutako erakusketaren irekieran. Ostiral honetan, berriz, Iturzaeta Herri Eskolako ikasleak joango dira hara, Sarrionandiarekin eta hango bi ikastetxetako ikasleekin solastera.

Atzean gelditu da lehen mundu biraren urteurrena, baina ez haren harira sortu edo antolatu dituzten egitasmoak; ez denak, behintzat. Esaterako, larunbatean Lapurdiko Getaria herrian izan ziren Getariako Udaleko ordezkariak erakusketa bat zabaltzeko: Munduari bira eman zion ontzia liburua oinarri duen marrazki erakusketa, hain zuzen.

Joseba Sarrionandia idazleak eta Aristides Hernandez Ares ilustratzaileak ondu zuten gaztetxoentzako liburua lehen mundu bira ardatz hartuta, eta aurrena Getariako udaletxean egon zen ikusgai erakusketa. Orain, beste Getariari pasatu diote lekukoa.

Bi Getarietako alkateak, erakusketaren irekieran. (Getariako Udala)

Erakusketaren irekieran bi udaletako ordezkariek eta Pamiela argitaletxeko eta Elkano Fundazioko ordezkariek hartu zuten hitza: Marie-Pierre Burre-Cassou eta Haritz Alberdi alkateek, Pamielako Pello Elzaburuk eta Elkano Fundazioko Rafa Zulaikak. Getariako Udaleko EH Bilduko eta EAJko ordezkariak ere izan ziren ekitaldian.

Haurren txanda

Erakusketa zabalik dago Getariako Saraleginea museoan, eta ostiral honetan bisita berezia jasoko dute, bi Getarietako ikasleak elkartuko direlako erakusketa gelan Sarrionandiarekin. Erakusketaz eta gaiaz solastuko dute, eta elkarrekin bazkaltzeko aprobetxatuko dute juntadizoa.

Jakinarazi dutenez, Bidarteko eskolakoak ere batuko dira egitasmo horretara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide