Hiru eguneko txapelketa eta gero, gaur amaitu da sari banaketarekin I. Basque Country Cup uretako motoen txapelketa Getarian. Portuan kokatu duten karpan izan da ekitaldia, eta asko izan dira bertara gerturatu diren pertsonak.
Kategoria guztietako sari banaketak egin dituzte, baina horren aurretik, antolatzaileek txapelketaren balorazioa egiteko aprobetxatu dute. Haien hitzetan, "lan asko" egin behar izan dute Getariako herrian horrelako txapelketa bat antolatu ahal izateko. Alde batetik, itsaso irekian antolatzen delako, eta bestalde, beste herrialde batzutako jende asko etortzen delako, hala nola, Frantziatik edo Italiatik. Esker oneko hitzak ere izan dituzte antolatzaileek, eta adierazi dutenez, "oso babestuta" sentitu dira Getarian, bai herritarren aldetik, bai udalaren aldetik ere.
Behin balorazioa eginda, sari banaketak egin dituzte. Sailkapen orokorrari dagokionez, Alex Barret izan da lehenengoa, Francois Medori bigarrena eta Jean Bruno Pastorello hirugarrena. Hemen ikus daitezke kategoria guztietako sailkapenak. Amaitzeko Gure Txeruko dantzari txikiek agurra dantzatu diete irabazleei.