Ezustekoa hartu al zenuen atzo, herrira iritsi eta plaza jendez beteta ikusi zenuenean?
Hasieran lotsa sentitu nuen, eta aitari esan nion: "Aita goazen hemendik". Ihes egin nahi nuen. Izan ere, sentimendu bikoitza nuen barruan: Alde batetik, lotsa, eta, bestetik, poza. Oso harro nago bizi naizen herriaz. Atzo egin zidaten ongi-etorria ez dute beste inon egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei.
Normalean sentitzen al duzu herritarren babesa?
Bai, nire ibilbidea jarraitzen dute eta beti daude adi. Mezu asko bidaltzen dizkidate, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.
Munduko Txapelketan emaitza bikainak lortu dituzu. Jokatu aurretik zerbait polita egin zenezakeela sentitzen al zenuen?
Esperantza handiko neska naiz, baina ez nuen horrelako emaitzak lortzerik espero. Aurten entrenatzen aritu naiz, baina ez dut bestetan bezain beste snowboard egin. Nire helburua zen txapelketaz gozatzea eta egindako lanarekin gustura geratzea. Hala ere, txapelketarako entrenatzen ari nintzenean, ohartu nintzen dominaren bat irabazteko aukerak izan nezakeela, eta, azkenean, hiru lortu ditut.
Txapelketan zehar egon al zen une zailen bat?
Mentalki oso prestatuta joan naiz txapelketara, baina banakako lehian erori egin nintzen; zutitu eta aurrera jarraitu nuen, eta nahi baino denbora kaskarragoa egin banuen ere, txapelketan aurrera egiteko txartela lortu nuen. Final laurdenetan ez da aurretik egindako denbora kontutan hartzen, eta buruz burukoan irabazi egin nion aurkariari, finalerako sailkatuz; azkenean, urrea irabazi nuen.
Binaka ere urrea lortu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen beste kide batekin batera talde lanean aritzea?
Ez nuen sekula lehiatu bikoteka, eta gozatzera atera ginen. Jarraituko genuen taktika zehaztu genuen, eta egia esan, asmatu egin genuen. Ilusio handia egin zigun urrezko domina irabazteak. Izan ere, bakarkako kirola da snowboarda, eta taldean garaipena lortzea oso polita izan zen.
Getaria eski pistetatik urruti dago. Nola entrenatzen duzu?
Neguan, normalean, Baqueiran [Herrialde Katalanak] entrenatzen dut eta han bizi naiz. Gabonetan etortzen naiz bisitan, baina negu osoa han pasatzen dut. Hala ere, beti izaten dut gogoan Getaria.