Gaur, eguerdian, ongietorri beroa egin diote getariarrek Irati Idiakezi, Munduko Snowboard egokituko Txapelketan egin duen lan bikaina aitortzeko. Ezustean harrapatu du errezibimenduak kirolaria, txapelketa jokatu ostean, etxera bueltatu denean, alegia. Getariara iritsi orduko zain zituen herritarrak, eta "Txapelduna, Txapelduna..." abestuz hartu dute herriko plazan. Lagunek Agurra dantzatu diote eta, jarraian, udaletxeko balkoira igo da, getariarrak agurtzera. Aritz Alberdi alkateak hartu du hitza, eta "herriko historiaren parte" izango dela gogorarazi dio Idiakezi, lortu duen guztiagatik. Kirolaria hunkituta agertu da omenaldian zehar, eta "eskerrak" eman dizkie herritarrei eta udaleko ordezkariei.
La Molinako (Girona, Katalunia) eski estazioan jokatu den Snowboard egokituko Munduko Txapelketa eta Irati Idiakez getariarrak hiru domina eskuratu ditu bertan. Alde batetik, zilarra bakarka, eta urrezko bi domina, Dual banked eslalom kategorian eta taldeka Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) Raquel Martinezekin bikotea osatuta.