Malagako Zinema Jaialdian Cinema Cocina saileko ikusleen saria eskuratu berri du Beñat Gereka getariarrak Itsasoak pizten gaitu dokumentalarekin. "Ahaztuta ere banengoen lana aurkeztuta neukala, eta ezustean hartu dut saria", azaldu zion atzo hedabide honi Gerekak. "Euskaraz izateak esan nahi duen guztiarekin, ez neukan saririk jasotzeko batere esperantzarik, eta harrituta gelditu naiz baina, era berean, oso gustura".
Getariak itsasoarekin duen lotura jasotzen duen dokumentala 2022ko irailaren 2an aurkeztu zuen Gerekak herrian bertan, eta ordutik hainbat tokitan erakutsi du: esaterako, Donostiako Itsas Museoan, Zarauzko Modelo aretoan, Zestoan eta Durangoko Azokan. Espero du "bide gehiago egiteko aukera" izatea hemendik aurrera.
Dokumentalak harrera ona izan duela uste du. "Hemen inguruan oso feedback positiboa jaso dut, ziur txarrak ere egongo direla, baina jendea ez da gerturatzen txarrak esatera. Orokorrean oso iritzi onak, eta elkarrizketarako hainbat gai atera izan dira emanaldietan, eta hori oso aberatsa izaten da ikuspuntu desberdinak edukitzeko, ez bakarrik arrantzaz, baita naturaz, immigrazioaz...". Harrera on horrek gehiago harritu du Gereka Malaga (Andaluzia, Espainia) aldean, "inguru eta egoera hau ezagutzen ez dutenek ulertu dutelako mezua eta dokumentalak helarazi nahi duena; poz handia sentitu dut".
Aldaketak txarrerako zein onerako
Itsasoari eta, ondorioz, arrantzari, gastronomia bati eta, azken batean, bizimodu bati buruzko dokumentalak galdera irekia botatzen duela azaldu du Gerekak: "Etorkizunean zer nahi dugu? Zer puntutan gaude, nora begira gaude? Nora nahi dugu iritsi?... Bakoitzak hausnartu behar du, erabaki txikiak hartzeak ere baduelako bere garrantzia. Esaterako, arrandegira joan eta arrain bat edo beste aukeratzen dugunean, edo bertakoa dena eta ez denaren artean aukeratzen dugunean... Kontzientzia hartu behar dugu, pixkanaka galtzen ari garelako dugun hori, eta babesteko aukera hori mantendu nahi dugun ala ez hausnartu behar dugu. Helburua bada ikuslea hausnarketa egitera bultzatzea".
Zentzu horretan, Gerekak azaldu du dokumentalak ez daukala amaiera positiboa, galdera horiekin uzten duelako ikuslea.
2022ko irailetik hona, aldatu al da dokumentalean kontatzen den zerbait edo egoeraren bat? Bada, esaterako, ikus-entzunezkoan parte hartu zuen arrandegia jada ez da existitzen; "adierazgarria da Getaria bezalako herri arrantzale batentzat arrandegirik ez egotea kalean bertan, moilakoak jarraitzen duen arren", iritzi dio Gerekak.
Beste aldean, berriz, azpimarratu du saregileek oraintsu eskuratu dutela arrantzaleek bezala, beraiek ere lehenago jubilatu ahal izateko eskubidea, eta aldaketa positibo hori egon dela ere nabarmendu nahi izan du.