Bederatzi taldek abiatu dute XI. Floren Memoriala futbito lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko martxoaren 15a

Aurtengo txapelketako partida bat, Getariako frontoian. (Gure Txeru)

Hiru jardunaldi jokatu dituzte dagoeneko Gure Txeruk antolatzen duen Getariako txapelketan. Finalak maiatzaren 27an jokatuko dituzte.

Abian da XI. Floren Memoriala futbito txapelketa. Hirugarren jardunaldia jokatu berri dute asteburuan –partidetako bat ostiral gauean, eta gainerakoak igande arratsaldean–. Bederatzi taldek eman dute izena aurtengoan, eta saiakera egin duten arren, Gure Txeru taldeko arduradunek ez dute lortu emakumezkoen talderik animatzerik txapelketa jokatzera. "Deialdian bereziki azpimarratu genuen gure desioa zela emakumeek ere parte hartzea lehiaketan", kontatu du taldekide batek. "Tamalez", ez dute lortu. "Hiru emakume apuntatu dira, eta talde bat osatzeko gutxienez zazpi edo zortzi jokalari behar dira". 

Gure Txeruko kideak gaineratu du saiatu direla hiru jolakari horiek mutilen taldeetan integratzen, horiek talde misto bihurtuta, baina momentuz ez dute lortu. Bosgarren jardunaldira arte aukera hori zabalik dagoela ere jakinarazi dute antolatzaileek.

Txapelketak bederatzi jardunaldi izango ditu, eta finalaren eguna zehaztuta dute jada: maiatzaren 27an jokatuko dute, larunbatez. Ligaxka formatuan ari dira jokatzen txapelketa, denak denen aurka, baina amaiera aldera liga eta kopa bereiztuko dituzte. Hala, ligako finalerdietako bat izango da sailkapeneko aurrenekoaren eta laugarrenaren arteko partida, eta beste finalerdia, ligako bigarrenak eta hirugarrenak elkarren kontra jokatuko duten partida.

Kopako finalerdia, berriz, bosgarren sailkatuak eta zortzigarren sailkatuak jokatuko dute, eta bestea, seigarren eta zazpigarren sailkatuek. Bederatzigarren taldea,berriz, kanpoan geldituko da.  


Batzuek joan, besteak etorri


Txapelketako parte hartzaileen artean izan da aldaketarik aurtengo edizioan. Esaterako, iaz aritu ziren Balearri, Txoko eta Xagu taldeek ez dute izena eman  oraingoan. Aldiz, talde berriak apuntatu dira: Abeta Berri Landetxea eta Dorrea, hain zuzen.

Beste zazpi taldeak honakoak dira: Astillero, Haitze, Iribar, Itxas Etxe, Izarri, Taxko eta Kaia-Kaipe. 
Datorren asteburuan ligaxkaren ekuadorrera gerturatuko dira, laugarren jardunaldia jokatuko baitute. Hitzorduak bihar, osteguna,  zehaztuko dituzte, baina momentuz, sailkapenean Haitze taldea da nagusi, orain arteko hiru partidak irabazita; Astillero da bigarrena, bi partida irabazita, eta hirugarrena, berriz, Abeta. Dena den, bi talde horiek bina partida bakarrik jokatu dituzte oraindik, astero talde batek atsedena izaten duelako. 

Iribar taldea laugarrena da sailkapenean, hiru partida jokatuta, eta Izarri da bosgarrena, baina horrek partida bat gutxiago jokatu du. Sailkapeneko azken laurek jardunaldi guztiak dituzte jokatuta: Itxas Etxe da seigarrena, Taxko zazpigarrena, Kaia-Kaipe zortzigarrena, eta Dorrea, berriz, bederatzigarrena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide