Heriotzari buruz hitz egiteko saio irekiak eta doakoak antolatu ditu Getariako Udalak udaberri honetarako. Heriotzaz hitz egin dezagun izenburupean, lau saio izango dira, eta Manex Beristain azpeitiarrak gidatuko ditu.
Aurreneko saioa martxoaren 30ean izango da, osteguna, Alondegian, 19:00etan hasi eta 21:00etara. Hurrengo hitzorduak ere zehaztuta dituzte: apirilaren 20an, maiatzaren 25ean eta ekainaren 15ean izango dira.
Azpimarratu dute gaia "errespetuzko giroan, elkar entzunez eta konfiantzazko espazio seguruan" partekatzeko aukera ematen dutela saioek. "Norbere heriotza barneratzeko tresnak landuko ditugu, dolu prozesuaren inguruko dinamikak egin eta bakoitzaren kezka, egonezin eta ibilbide pertsonalerako baliabideak garatu. Beti ere, heriotza, bizitzaren parte bezala ikusiko dugu, eta bizitzan jarriko dugu fokua", zehaztu dute.