Getariako adineko pertsonen artean zahartzaro aktiboa sustatzeko ikastaroak egiten ari dira

Andrea Zipitria 2023ko martxoaren 7a

55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako bi ikastaro antolatu dituzte: lehenengoa, elikaduraren ingurukoa, bukatzear da jada eta bigarrena, apirilaren bukaeran hasiko da. Hain zuzen, telefono mugikorren erabilera optimizatzeko jarraibideak landuko dituzte ikastaro horretan.

Udalak eta Cebanc formakuntza zentroak elkarlanean, Getariako adineko pertsonen artean zahartzaro aktiboa sustatzeko ikastaroak eskaintzen ari dira. Gaur gaurkoz, Dietak eta sukaldaritza osasuntsua tailerra dago martxan, martxoaren 16an bukatuko da. 15 lagun ari dira eskolak jasotzen elikadura hobetzeko eta kontsumo ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuarekin.

Bigarren bat ere antolatu dute. Apirilaren 24an hastea da asmoa eta hilabeteko epean, telefono mugikorraren erabilera optimizatzeko jarraibideak jasoko dituzte parte hartu nahi duten herritarrek. Guztira, 20 orduko iraupena izango du tailerrak, eta bederatzi saiotan banatuko da. Itxas Etxea Jubilatu eta Pentsionista Elkartean emango dira astelehenen eta asteazkenetan, arratsaldeko 17:30etik 19:00etara.

Nolanahi ere, 55 urtez gorako herritarrak hartu dezakete parte. Interesa dutenek, Getariako Udaleko Kultura sailean eman behar dute izena; doakoa izango da inskripzioa.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide