Distantziatik bada ere, Ekuadorren bizi duten errealitatea ezagutzeko aukera izango dute egun hauetan Getarian. Gaur bertan, Wao Okiyenanis izeneko dokumentala erakutsiko dute Gure Txerun, 19:15etik aurrera. Hego Amerikako herrialde honetan bizi duten egoera eta pairatzen dituzten hainbat eskubide urraketa azaltzen ditu Ainhoa Zubizarretak ekoiztutako dokumental honek. Amaieran, solasaldia izango da eta Zubizarretarekin batera, Julen Telleriak, Unai Iradik eta Intza Gurrutxagak parte hartuko dute.
Ostiraletik igandera bitartean, berriz, herrialde horretan ateratako argazkiez osatutako erakusketa izango da Gure Txeru bertan. Ostiralean 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta igandean eguerdian bakarrik, 12:00etatik 14:00etara.