Getariatik San Prudentzio eta Askizu auzoetara joateko bidegurutzea eraikitzeko proiektua, abian

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 27a, 10:24

N-634 errepidean, Getariatik Zumaiara bidean, ezkerretara gelditzen da Askizura eta San Prudentziora joateko bidea. (Getariako Udala)

Gaur egun, Getariatik auzo horietara edo industriagunera joateko, ibilgailuek debekatuta dute zuzenean ezkerretara hartzea, eta horregatik, gune horretan bidegurutzea eraikitzea proposatua dio Getariako Udalak Foru Aldundiari. Proiektua idatzita dagoela jakinarazi dio orain Aldundiak udalari.

Getariako Udalak ohar bidez jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak idatzi duela proiektua bidegurutzea egiteko N-634 errepidean, Getariatik San Prudentzio eta Askizu auzoetara zuzenean ezkerretara hartu ahal izateko. Gaur egun, izan ere, ibilgailuek debekatuta dute zuzenean ezkerretara hartzea. Aurrerago dagoen noranzko-aldaketan buelta ematea ezinbestekoa da leku horietara iristeko.

"Udalak auzoetan urtero egiten dituen bileretan irten ohi den gaia da, eta Aldundiko Errepide sailarekin irtenbidea bilatzeko eskatzen dute. Hala, pasa den urtean, Getariako Udalak gaia mahai-gainean jarri eta irtenbideak aztertzen hasteko proposamen bat bidali zion Aldundiari", azaldu du.

Udalak jakinarazi du orain Aldundiak adierazi duela "irtenbidea proiektatuta" dagoela. "Zehazki, beste horma bat eraikiko lukete inguru horretan, kostaren aldean, eta, horrela, itxarote-erraia atera". Dena den, Gipuzkoako Itsasertz Zerbitzua Getariatik Zumaiara espaloi bat eraikitzeko aukera aztertzen ari omen da, eta "horregatik, bidegurutzearen proiektua beste proiektuaren nondik-norakoak argitu zain geratuko da".

Kontuak kontu, Getariako Udalaren ustez, "albiste pozgarria" da: "Auzotarren eta langileen joan-etorria erraztuko luke, eta seguruago egin; horrez gain, hainbat urtetako eskaerari bide emango lioke. Getariako Udalak, orain arte bezala, horrelako irtenbideak sustatzen jarraituko du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide