Iaz hitzarmena sinatu zuten Getariako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Sozietate Publikoak, bi erakundeen arteko lankidetzarekin Getarian dauden etxebizitza hutsak detektatzeko eta horiek alokairuan jartzea laguntzeko, "Getarian eta gizartean betetzen duten eginkizuna oso garrantzitsua" dela azpimarratuta.
Hain zuzen, Jaurlaritzak Bizigune alokairu programa dauka martxan azken urteetan, alde batetik "etxebizitzaren jabeari berme guztiak eskaintzeko" eta, bestetik, "herritarrari etxebizitza lortzeko aukera emateko". Udalak jakinarazi du programa horren berri emanez, etxebizitza hutsak dituzten herritarrei gutun bana bidaliko diela etxera egunotan. Hala, udalak programan parte hartzera gonbidatu ditu etxejabe horiek.
Bizigune programari buruz informazioa jaso nahi duenak 900 251 251 telefono zenbakira dei dezake, edo Alokabideren atari honetara sartu.