Martxan da Getariako 22. Literatur Lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko otsailaren 14a

Liburu bat zabalik. (Hitza)

Ipuinak nahiz olerkiak aurkeztu ahal izango dituzte LH3. mailatik hasitako herritarrek. Zazpi multzotan banatuko dituzte partaideak adinaren arabera, eta helduek ere izena eman dezakete lehiaketan.

Getariako Udalak hogeita bigarrenez antolatu du Literatur Lehiaketa, eta dagoeneko parte hartzeko aukera zabalik dute LH3.mailatik gorako herritar guztiek. Ipuinak nahiz olerkiak aurkez ditzakete lehiaketara, eta partaideak zazpi multzotan banatuko dituzte, adinaren arabera. Hala, helduek ere eman dezakete izena lehiaketan.

Partaide bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzakeela jakinarazi dute, eta mailak honakoak direla: LH3, LH4, LH5, LH6, 12-14 urte bitarteko gaztetxoak, 14-16 urte arteko gaztetxoak, eta azkenik, 16 urtetik gorakoak.

Parte hartzeko baldintzak ikusgai

Lanek jatorriz euskaraz idatzitakoak izan beharko dute, eta gaia librea izango da. Ohi bezala, lanek originalak izan behar dute, eta aurrez inon argitaratu gabeak.

Lanek gutxieneko neurri bat izan beharko dute, (ikus hemen oinarri guztiak), eta horiek aurkezteko epea martxoaren 21ean amaituko da, 20:00etan. Udal bulegoetan edo Udal Liburutegian entregatu behar dira idazlanak.

Bestalde, udalak jakinarazi du sariak noiz banatuko dituzten ere: apirilaren 24an egingo dute ekitaldia, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide