Haritz Alberdi: "Badago herrian gehiengo bat egiten dugun lana eskertzen duena"

Juan Luis Romatet 2023ko otsailaren 12a

Ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian EH Bilduk Getarian. Maddalen Iriarte ahaldungaia eta Haritz Alberdi alkategaia izan dira bertan, eta lurraldeak oro har, eta Getariako herriak modu partikularrean dituzten erronken inguruan aritu dira hizketan. 

Maiatzaren amaieran egingo dira udal eta foru hauteskundeak, eta alderdi politikoak hasi dira dagoeneko motorrak berotzen. EH Bilduk ekitaldia egin du gaur eguerdian Getariako Berdura plazan. Naia Inzak gidatutako solasaldian, Haritz Alberdi Getariako EH Bilduren alkatagaiak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak hartu dute parte. Lurraldeak orokorrean eta Getariak berak dituzten erronkak aipatu dituzte, baita EH Bilduk hauteskundeetara begira dituzten zenbait proposamen aurkeztu ere.

Amaitzear den legealdian Getariako alkate izan da Haritz Alberdi, eta bera izango da maiatzean EH Bilduren hautagaia. Galdetuta ea zerk bultzatu duen berriro ere alkategai izatera, aipatu du orain lau urte, 2019an, zituen amets beraiek eraman dutela berriro hautagai izatera. Gogoratu du 2011n amets bat bete zutela hauteskundeak irabaztean, eta 2015ean eta 2019an ametsak berretsi zituztela, "inoiz baino boto gehiagorekin". "Amets horrekin jarraitu nahi dugu orain". Onartu du kargoak desgastea erakarri diola, baina, aldi berean, disfrutatu ere egin duela. "Badago herrian gehiengo bat egiten dugun lana eskertzen duena. Une konplexuak bizi behar izan ditugu, baina, pertsonalki, une zoragarriak ere izan dira". Lau urte hauetan udal gobernutik ukitu ez duten fronterik egon ez dela goraipatu du. "Bere momentuan transatlantikoa martxan jarri genuen, ari da mugitzen eta hala jarraituko duela uste dugu". 

"Getariarrek beraien bizitzako proiektua Getarian gauzatzeko baldintzak" jartzen jarraitu behar dutela iragarri du Alberdik. Herriak moilarekin eta moilak herriarekin duen harremana estutzen jarraitzeko borondatea erakutsi du alkategaiak, baita etxebizitzen gaian oraindik eta lan gehiago egiteko. "Etxebizitza bat izatea eskubide bat da, eta eskubideak bete egin behar dira; instituzioei dagokigu hori egitea". Zentzu horretan, gogoratu du Sahatsaga Berria promozioan lehentasuna izan zutela Getariako bizilagunek. Bestalde, etxebizitza hutsen errolda egin dutela ere azaldu du, baita erabilpen turistikoko etxebizitzen erregistroa egin ere. Hirigintza Plan Orokor berria idazteko asmoa dutela ere iragarri du Alberdik. "Orain arteko Plan Orokorra EAJk egin zuen, eta hau izango da EH Bilduk egingo duen lehen plana". Agintaldiko erronka handienetakoa izango dela aurreikusten du alkategaiak. 

Agintaldi honetan gizarte gaietan egindako lanak ere errepasatu ditu Alberdik. Hala, gogoratu du kanpotik Getariara bizitzera etorri direnentzako harrera protokoloa martxan jarri dutela, eta behar gehien duten herritarrak laguntzeko dirulaguntzak laukoiztu dituztela lau urte hauetan. "65 urtetik gorako herritar zaurgarrienentzako laguntza berriak ere sortuko ditugu".

Larrialdi klimatikoaren aurrean, berriz, energiaren aldetik burujabe izatearen garrantzia aldarrikatu du alkategaiak. Kontsumoa jaistearen garrantzia ere aldarrikatu du Alberdik, "guk jaso dugun bezalako mundua, edo hobea, ondorengoei utzi nahi badiegu". Gai honetan, 2019tik hona egindako lanketa ere azaldu du Alberdik. Hala, Iturzaeta ikastetxe publikoaren teilatuan eguzki panelak jarri direla gogoratu du, energia komunitate bat sortzeko pausoak eman direla, eta, "herritarrek hala eskatuta", Santa Barbarako lursailetan artelatzak, haritzak eta gorostiak landatu dituztela. 

Maiatzean egingo diren hauteskundeetara begira, "herritarren interesak bilduko" dituen programa lantzen hasi direla azaldu du EH Bilduren alkategaiak. "Horretarako ekarpenak jasoko ditugu. Herrian gardentasun eredu bat abian jarri dugu. Ateak parez-pare zabaldu ditugu eta hala jarraituko dugu datozen lau urteetan ere".

Gipuzkoa justuagoa

EH Bilduko alkateek egindako lanak bultzatu dute Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai izateko konpromisoa hartzera, Getariako ekitaldian adierazi duenez. Errealitate instituzionala aldatzeko beharra ikusten du ahaldungaiak eta, zentzu horretan, uste du EH Bilduko alkateek erakutsi dutela badakitela gobernatzen. "Gobernatzeko beste modu bat dagoela erakutsi dute, hitz eginez proiektuak ateratzeko aukerak daudela erakutsi dute. Jendearekin batera egin behar dugu politika, eta Gipuzkoa justuago bat nahi dudalako nago gaur hemen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide