Artelatz basoa berreskuratzeko proiektua aurrera doa Garaten

Jabi Gonzalez Toston - Mireia Galarza Bastida 2023ko otsailaren 10a

700 artelatz landatu dituzte zortzi hektarea pasako eremuan. Lurrak jabetza pribatukoak dira, eta 52.000 euroko dirulaguntzarekin finantzatu dituzte lanak.

Getarian artelatz basoa lehengoratzeko lanetan ari dira joan den urteko udaberriaz geroztik, Europako Batasunak babestutako Garate-Santa Barbarako eremuan. Hiru herritarrek bultzatu dute egitasmoa, eta prozesua "bide onetik" doala iritzita, orain arte egindakoa erakutsi nahi izan dute udalarekin batera.

Hala, asteazkenean prentsaren aurrean azaldu zuten 700 artelatz landatu dituztela zortzi hektarea pasa hartzen dituen eremuan. Gainera, mehatxupean dauden bi iratze espezie birsartzeko ahaleginetan ere ari dira, eta beste hainbat espezieren aleak ere landatu dituzte: gurbitzak, gorostiak eta ametzak, besteak beste.

Landatutako artelatzen harira, argitu zuten ez dituztela kanpotik ekarri: "Bertako artelatzetatik ezkurrak jaso genituen, eta Aldundiaren Urnietako mintegian izan ditugu urtebetez hazten, hona ekarri aurretik", zehaztu zuen Jon Zulaikak, proiektuaren bultzatzaileetako batek.

Halaber, garbiketa lan sakona ere egin dute espezie exotikoak kentzeko: "Pinuak eta akaziak kendu ditugu, batez ere, baina baita inbaditzaileak diren lezkak ere", argitu zuen Juanjo Perezek, taldeko beste kide batek. Gainera, garbiketa lan horiei esker, galdutako bi herri bide birgaitu dituzte: bata, Altuza baserritik Kajuategi baserrira doana, eta, bestea, Kajuategi baserritik Garate gainera doana.

Horrez gain, bi urmael sortu dituzte uretako landare eta animalien bizileku bilakatzeko, eta, aurrera begira, basoko abereei bizi baldintzak errazteko gordelekuak sortuko dituztela diote.

52.000 euro

Lan horiek guztiak egiteko beharrezko makinaria duen baso enpresa bat kontratatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak Getariako Udalari emandako 52.000 euroko dirulaguntzarekin finantzatu dituzte gastuak.

Azaldu zutenez, halako eskaerak udalen bitartez egin behar izaten dira nahitaez, baina Haritz Alberdi Getariako alkateak argi utzi zuen herritarrena izan dela ekimena: "Proiektu borobilborobila aurkeztu ziguten, eta eskaera gauzatzea izan zen udalak egin behar izan zuen gauza bakarra. Idatzita eta garatuta ekarri ziguten guztia eta".

Bada, eskaera berriro egiteko asmoa ere azaldu zuten proiektuaren bultzatzaileek, "orain arte egindakoa mantentzeko eta zabaltzen jarraitzeko", Perezek azaldu zuenez. Hori bai, eskaera datorren urtean egin beharko lukete, bi urterako baita dirulaguntza.

Jabe pribatuak

Edonola ere, jarduketa eremu gehiagotara zabaldu nahi badute, lurren jabeen baimena beharko dute; izan ere, pribatuak dira lur gehienak. Orain arteko lanak ere hiru jabe pribaturen lurretan egin dituzte, eta oso eskertuta agertu dira jabeek azaldu duten prestutasunarekin.

Horretarako, egitasmoa bultzatu duen hirugarren kidea, Xabier Ilarramendi, "ezinbestekoa" izan dela adierazi zuen Perezek: "Jon eta ni ez gara bertakoak, nahiz eta inguruan bizi garen. Bera Zarautzen bizi da, eta ni Getarian, baina Aretxabaletakoa naiz. Xabier da hirurotatik bertakoa den bakarra. Gainera, baserritarra da, eta harreman estua du lur jabeekin. Hala, hark proiekua lasai azaltzeko aukera eman digu, eta konfiantza helarazi diegu lur jabeei".

Barrualde aberatsa ere badu Getariak

"Txakolinaz eta parrilla usainaz harago, Getariak baditu balio handiko gauza gehiago ere. Horien artean, Zarautzekin partekatzen duen basotxoa", iritzi du Jon Zulaika basozain zarauztarrak. Horregatik, herritarrak bertara gerturatzera gonbidatu ditu.

Bide batez, artelatz basoa berreskuratzeko azken urtean egindako lanen emaitza ikusteko aukera ere izango dute. Egia da oraindik goiz dela basoa osatuta ikusteko, urteak beharko direlako landatutako artelatzek itzala egin dezaten, baina ingurua garbiago dago kendu dituzten sasiei esker.

Bada, herritarrak bertara gerturatzera animatzeko, udalak iragarri du aurten martxoaren 26 ospatuko duten Zuhaitz Eguneko festarako hitzordua bertan jarri dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide