Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) Getabat elkartearekin adostutako itunaren berri eman du, orain dela bi urte elkarte horretako hainbat kidek beren establezimenduetan prezioak igotzeagatik ireki zioten zehazpen espedientearen aferari amaiera emateko. Horren aurrean, prozedura hitzarmen bidez amaitzeko eskatu zuen Getabatek, eta hainbat konpromiso hartu ditu elkarteak.
Hurrengoak dira bete beharko dituzten neurriak. Lehenik, Getabatek ezohiko batzar orokor bat egin beharko du, gehienez hiru hilabeteko epean, "espediente honen xede diren jokabideei, lehiaren gaineko eraginari eta jardunbide horiek amaitzeko, eta merkatu-baldintzak berrezartzeko betebeharrari buruzko informazio zehatza emateko". Bestalde, Getabatek aipatutako prezioak eguneratu beharko ditu, "merkatuko baldintzekin bat etortzeko". Azkenik, elkarteak konpromisoa hartzen du hurrengo bost urteetan egiten dituzten batzarren akten kopiak LEAri bidaltzeko, "elkarte horretan lehiaren aurka joan daitezkeen erabakiak hartzen ez direla frogatzeko".
Ikerketa
Pandemia ondorengo hilabeteetara jauzi egin behar da gaian kokatzeko. Izan ere, LEAk orduan ireki zion zehapen espedientea Getariako ostalarien elkarteari, "prezioak igotzeko ustezko akordio" bati buruzko jakinarazpen bat iritsi zenean lehiaren arloko lankidetzarako postontzira.
2022. urte hasieran, Kontsumobidek ia dozena bat ikuskapen egin zituen Getariako 11 ostalaritza establezimendutan, eta ikusi zuten horietako seitan salatutako prezio igoera erakusten zuten kartelak zituztela jarrita. Gainera, txostenak zehazten duenez, horietako bik adierazi zuten prezioen zerrenda hura Getabaten hartutako erabakia izan zela.