Getariako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, laster prest izango du herriko adineko zaurgarrientzako etxebizitza tutelatu bat. Potzuaga kaleko bosgarren zenbakiko baxuan udalarena den lokal bat egokituko dute zerbitzu berria eskaintzeko, eta aurreikuspenen arabera, lau hilabeteko obra egingo dute eta 135.00o euro pasatxo kostatuko da.
Urte askoan udalak biltegi moduan erabili du 95 metro koadroko lokal hori, eta lanak amaitutakoan, bi logelako etxebizitza bihurtuko da. Aurrerantzean ere etxebizitzaren jabetza erabat publikoa izango dela azpimarratu du udalak.
Udalak zehaztu du egonaldi luzeetarako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua izango dela, eta gizarte laguntza eskainiko dutela. "Tutoretza, bitartekaritza eta gainbegiratze zerbitzua izateaz gain, etxez etxeko arreta pertsonala jasotzeko aukera ere izango da, hala behar denean".
Lokala etxebizitza bihurtzeko lanekin batera, udala ordenantza berria prestatzen ari da etxebizitzaren erabilpena arautzeko, eta behin hori onartzen denean, Gizarte Zerbitzuek kudeatuko dute zerbitzu berria.

Gizartearen beharrei erantzutea helburu
Oharrean udalak azaldu du zergatik iruditu zaion beharrezkoa etxebizitza tutelatu hori eraikitzea, eta arrazoien artean, familietan gertatzen ari den eredu aldaketa eta adinekoek ahalik denbora gehienez beren etxebizitzetan segitzeak duen garrantzia azpimarratu ditu: "Gizartearen egoera aldatzen ari da. Bizi itxaropenak gora egitearekin batera, gure gizarteko adin piramidea aldatuz doa, eta familia barruko harremanak ere aldatzen ari dira. Horrez gain, mendekotasun egoerak geroz eta ugariagoak dira, baita gizarte babesik gabe dauden adinekoak ere. Getariako Udalarentzat lehentasunezkoa da herritarrek bizilekuan ahal den gehien geratu ahal izatea, bizitza osoan izan duten erreferentziazko gizarte-sareari eutsita".
"Egitasmo honi esker, zaurgarritasun egoeran dagoen adinekoa komunitatean gera dadin erraztea, haren autonomia maila hobetzea, bakarrik bizitzen ez uztea eta segurtasun sentimendua hobetzea lortuko da", nabarmendu du udalak.