Sukaldaritzaz eta sakelako telefonoaren erabileraz ikastaro bana eskainiko diete Getarian erretiratuei

Onintza Lete Arrieta 2023ko urtarrilaren 31

Adineko pertsona bat ordenagailu portatilarekin. (Cebanc)

Cebanc elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, antolatu ditu bi ikastaroak Etengabeko Ikaskuntzako Proiektuen programaren barruan. Hogei ordukoa izango da ikastaro bakoitza, eta izen-ematea doakoa da.

Dietak eta sukaldaritza osasungarria, eta Sakelako telefonoaren erabilera optimizatzea. Bi ikastaro horiek eskainiko ditu Getarian Cebanc elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, 55 urtetik gorako herritarrentzat nahiz erretiratu eta jubilatuentzat.

Etengabeko Ikaskuntzako Proiektuen programaren barruko ikastaroak dira, eta izena doan ematen da udaletxean bertan.

Bi ikastaroak hogei ordukoak dira, eta aurrena sukaldaritzakoa eskainiko dute, otsailaren 21etik martxoaren 16ra. Telefono mugikorrari buruzkoa, berriz, apirilaren 24tik maiatzaren 22ra arte egingo dute.

'Dietak eta sukaldaritza osasungarria' ikastaroa

Gaur zabaldu dute izena emateko epea sukaldaritza ikastarorako, eta interesa duenak otsailaren 10a –hurrengo asteko ostirala– baino lehen eman beharko du.

Ikastaroa astearte eta ostegunetan izango da, otsailaren 21etik martxoaren 16ra, 17:00etatik 19:30era. Ohi bezala, Itsas-Etxe elkartean egingo dute ikastaroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide