Ikusmina piztu du Getarian Itsasargi energia komunitatearen aurkezpenak

Mireia Galarza Bastida 2023ko urtarrilaren 28a

Mikel Muñoa kidea arduratu da kooperatibaren azalpenak emateaz. Bere hitzetan, "herritarren energia kontsumoaren aurrezpena eta energia burujabetza helburutzat dituen irabazi asmorik gabeko elkartea da Getarian sortutakoa". Gurutze Etxezabal Orexako alkateak ere izan da aurkezpenean, herri horretan ere energia berriztagarrien inguruan martxan jartzen ari diren proiektuaren azalpenak emateko. 

Gaur egin dute Getarian Itsasargi energia berriztagarrien komunitatearen aurkezpena. Berdura plazan izan da ekitaldia, eta dozenaka lagunek erakutsi dute ikusmina proiektuaren inguruan. 

Mikel Muñoa kidea arduratu da kooperatibaren azalpenak emateaz. Bere esanetan, "garai nahasietan" bizi gara, orain arteko energia iturriak amaitzen edo garestitzen ari direlako, baita energia hori "gutxi batzuen" esku dagoelako ere, eta Getaria mailan horri aurre egiteko asmotan sortu da Itsasargi. Bere hitzetan, "herritarren energia kontsumoaren aurrezpena eta energia burujabetza helburutzat dituen irabazi asmorik gabeko elkartea da Getarian sortutakoa". 

Guztiz zehaztu gabe badago ere, kooperatibak hainbat lan ildo izango dituela adierazi du Muñoak. Lehenengoa, energia elektriko berriztagarriaren autoekoizpena eta kontsumo partekatua, instalazio fotoboltaiko baten bitartez. Jarraian, energia arloan formakuntza eta hitzaldi saioak, "herritarrak ahalduntzeko", besteak beste. Eta azkenik, energia aholkularitza, "herritar bakoitzarengana egokitzeko asmotan". 

Kooperatibak izango duen egiturari buruz ere jardun da Muñoa. Bertan, bazkide erabiltzaileak egongo dira nagusiki -edozein herritar izan daiteekena, 10 euroko prezio sinbolikoa ordainduta-, baita bazkide laguntzaileak ere, -Getariako Udala, kasurako-. Horretaz gain, bazkide inbertsoreak eta bazkide langileak ere eduki ditzakela azaldu du proiektuko kideak. Gaineratu duenez, guztien artean erabakiko dute proiektuaren norabidea, "demokratikoki" egin behar delako. 

Hori guztia kontutan hartuta, herritarrak kooperatibako kide izatera gonbidatu nahi izan ditu Muñoak. Arrazoien artean, besteak beste, "energia fakturen prezioaren edo energia enpresa handien menpekotasunaren murrizketa" aipatu ditu hizlariak. Informazio gehiago jaso edo kooperatibako kide izateko, hurrengo helbidera idatzi beharko du interesa duenak: getariakoebk@gmail.com. Helburu berarekin, hurrengo asteetan ere herrian zehar mahaiak jarriko dituztela ere azaldu du Muñoak. 

Beste herrietako kasuak, adibide

Aurkezpenaren ondoren, Garazi-Baigorriko beste energia proiektu baten azalpena jasotzen duen bideo bat ere proiektatu da. Jarraian, Gurutze Etxezabal Orexako alkateak hartu du hitza, herri horretan ere energia berriztagarrien inguruan martxan jartzen ari diren proiektuaren azalpenak egiteko. Amaieran, herritarrek ere beraien zalantzak argitzeko aukera izan dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide