Iaz osatu zuten Getariako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana, eta hango helburu estrategikoei jarraiki, Getariako Udalak beka sortuko du Getariako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketa egiteko.
Oraingoz, proposamen zehatza jarri du mahai gainean udalak, ikerketa bekaren oinarri arautzaileak idatzita; orain, herritarrek aukera izango dute proposamenaren inguruan iradokizunak, proposamen berriak nahiz kexak helarazteko. Otsailaren 5ean amaituko da horretarako epea, eta ondoren, proposamena udal batzordean landuko dute. Dena ondo bidean, gaia martxoko udalbatzarrean bozkatuko dela aurreikusi du Ane Loidi zinegotziak. Proposamena hemen dago irakurgai.
Ikerketa bekaren oinarri arautzaile horietan udalak zehaztu du bekaren onuradunak 4.000 euro jasoko dituela trukean, eta gehienez hamabi hilabeteko epea izango duela lana burutzeko.
Bekaren ikerketa esparrua zein den ere zehaztu du: Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak lanean, bizitza sozialean, ekonomikoan, politikoan zein kultur mailakoan.
Beka norbanakoek zein horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dituzte, proiektua euskaraz aurkeztu beharko da –C1 gaitasun maila ziurtatu ere bai–, eta beka jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da unibertsitate mailako tituluduna izatea. Xehetasun guztiak hemen daude irakurgai. Besteak beste, dokumentuan jaso dute proiektua aukeratzerakoan epaimahaiak zer balorazio irizpide jarraituko dituen, zer dokumentazio aurkeztu behar duen bekaren eskatzaileak, eta zer betebehar izango dituen bekaren onuradunak.
Beka sortzearen zergatia
Getariako Udalak azalpen luze eta zabala eskaini du beka horren sorreraz oinarri arautzaileen dokumentuan. "Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatz. Gizonak izan dira objektu eta subjektu bakar, eta horrek, bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartzen ez dituen kontakizun bat eman digu. Ez dira emakumeen errelatuak jaso izan eta, ondorioz, emakumeen ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dugu, bizitza ekonomikoan, gizartean, kultur mailan eta politika alorrean egindako ekarpenei dagokionez".
Azken hamarkadetan feminismoak egindako lana ere goraipatu du udalak testuan: "Euskal Herriaren eta Getariaren historia berreskuratu eta berridazteko saiakeran, berebiziko garrantzia izan dute azken hamarkadetan ikertzaile eta historialari feministek eginiko ekarpenek. Euskal historiaren analisi feministaren bidez, hainbat errealitate aztertu eta agerrarazi dute: euskal emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate-harremanak, nortasuna, mundu ikuskera, etab.".
Bide horri jarraitu nahi dio udalak ikerketa beka berriarekin. "Ikerketa beka hau baliatuz, emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jaso nahi dugu, kontatu gabeko historia hau argitara eman, emakume hauei zor zaien aitortza egin ahal izateko. Getariako Udalaren berdintasun politiken ardatz estrategikoetako bat da balio aldaketa bultzatzea sexuaren araberako rolak eta estereotipoak ezabatuta, baita emakumeen partaidetza eta eragin soziopolitikoa sustatzea ere. Helburu horiek erdiesteko tresna garrantzitsu bat da ikerketa beka hau", iritzi dio udalak.