Getariako Inauterietako Kartel Lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko urtarrilaren 21a

Inauterietako festa Getarian.

Bost kategoriatan banatu dute lehiaketa, eta bi urtetik aurrerako getariarrek izango dute parte hartzeko aukera. Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 6a izango da.

Aste gutxi falta dira inauterietarako, eta Getariako Udala hasi da jai giroa zabaltzen. Izan ere, Getariako Inauterietako Kartela Lehiaketan parte hartzeko deialdia egin du, eta jakinarazi du otsailaren 6ra bitartean izango dutela getariarrek lanak aurkezteko epea irekita. Bost kategoriatan banatu dute lehiaketa: 2-5 urte artekoak, LH 1. eta 3. maila bitartekoak, LH 4. mailatik 6. maila artekoak, 12-15 urte bitarteko gazteak eta 16 urtetik gorakoak.

Lan guztiek Getariako Inauteriak 2023 goiburua eraman beharko dute. Goiburua egileak berak idatzi beharko du, eta idazten ez dakiten haur txikien kasuan, ezer ez jartzeko edo beren erara egiteko eskatu dute antolatzaileek, heldu baten esku-hartzerik egon ez dadin. Lanak edozein modalitate artistikotan egin daitezke, Din A3 neurrian, baina 16 urte artekoen lanak eskuz eginak izan beharko dutela azpimarratu dute. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, eta kultura batzordeak, herriko artistek eta herriko eskolako irakasleek osatuko dute epaimahaia. Lehen hiru kategoriatako lan irabazleen egileek opari bana jasoko dute; 12-15 urte arteko mailan aukeratzen den lanak 60 euro eta 16 urtetik gorakoen kategorian saria lortze duenak 150 euro.

Kartelak ikusgai jarriko dituzte udaletxeko sarrera nagusian, otsailaren 13tik aurrera, eta saririk jasotzen ez duten kartelak erakusketa itxi eta hurrengo hamabost egunetan bueltatuko zaizkie egileei. Kartel irabazleak, berriz, Getariako Udalaren esku geratuko dira, eta aurkeztutako lan guztien argitalpen eskubidea izango du.

Lehiaketan parte hartzeko, lanarekin batera, egilearen identifikazio datuak gutun-azal batean aurkeztu behar dira, kartelaren izenburu eta goiburu berberarekin batera. Otsailaren 6an, astelehena, 19:00ak arte jasoko dituzte lanak udaletxean edo liburutegian, eta epe horretatik kanpo ez da lanik onartuko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide