Goxoki adina ilusio banatu dute Errege Magoek gaur iluntzean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2023ko urtarrilaren 5a

Ohi bezala, San Anton menditik iritsi dira herrigunera hiru erregeak, zaldiz. Elkanoren monumentu aurrean egin dute aurreneko geldialdia Herodesen pasartea antzezteko, eta ondoren, udaletxe aurrean, Jaiotza bizidunaren aurrean bertso bana abestu dute erregeek. Bihar hiru hilabete beteko dituen Enarak egin du Jesus haurtxoaren papera.

Aurten ere zaldi gainean eta San Anton menditik barrena iritsi dira hiru Errege Magoak Getariako herrigunera. Puntualak izan dira, eta jarritako orduan, 18:30 aldera, herritarrek suzko ilarak ikusi dituzte mendian behera.

Ohiko ibilbidea egin dute. Moilatik Kale Nagusira igo dira Musika Bandaren laguntzarekin, eta handik errepide nagusia zeharkatu eta Elkanoren monumentuaren kanpoaldean gelditu dira, Herodesen pasartea antzezteko. Ondoren, udaletxe aurrean egin dute azken geldialdia, eta han, errege bakoitzak bertso bana abestu du Jaiotza bizidunaren aurrean. Jaiotzan Jesus haurraren paperean benetako haurra egon da: hiru hilabete bihar beteko dituen Enara, hain zuzen. Lasai-lasai egon da pasarteak iraun duen denbora tarte osoa.

Erregeek aurten ere goxoki mordoa banatu dute, eta aurreneko aldiz, Baltasar benetako pertsona beltz batek irudikatu duela azaldu dute antolatzaileek; jatorri senegaldarreko getariar batek.

Ilusioz gainezka gelditu dira umeak, bihar goizean eskatutako opari horiek irekitzeko zain-zain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide