Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) jakinarazi duenez, I. Basque Country Cup txapelketa antolatu du Euskal Eski Nautiko eta Motonautikoaren Federazioak. Martxoaren 24tik 26ra jokatuko da, eta Urola Kosta eskualdea hartuko du bete-betean. Izan ere, Getarian egingo dute aurreneko edizio hori, eta, gainera, egingo dituzten ibilbideetan kostako hainbat herri daude, tartean Orio eta Zarautz.
Nazioarteko motonautikako proba izango da, Offshore eta Endurance modalitateko etapak, EKFBk azaldu duenez. Hain zuzen, erakunde hori eta Euskal Selekzioa dira probaren babesleak.
Hiru egunetan sei etapa jokatuko dituzte parte hartzaileek, eta guztira, 450 kilometro osatuko dituzte. Etapa guztiak Getarian hasi eta amaituko dira, bigarren jardunaldia izan ezik. Lekeition (Bizkaia) egingo dute egun horretako lehen etaparen amaiera. Bigarren etaparen amaiera, berriz, Getarian egingo dute.
"Modalitate zorrotzenak"
I. Basque Country Cup txapelketan euskal kostaldearen zati handia zeharkatuko dute, Hondarribitik Bermeoraino, tartean Donostia, Orio, Zarautz, Lekeitio eta Elantxobera gerturatuta. Etapa bakoitzeko 70 kilometro egingo dituzte, batez beste. Horietako lau distantzia luzekoak izango dira. Gainerako biak, berriz, Endurance modalitatekoak. Ibilbide laburragoa izango dute horiek.
EKFBren esanetan, motonautikako modalitaterik zorrotzenak dira txapelketan egingo dituzten biak. «Pilotuen erresistentzia eta indarra dira modalitate horien ezaugarri nagusiak. Muturreko baldintzak desafiatu behar dira, eta garrantzia dute egoera fisikoak, trebetasunak, baita zorteak ere».
Parte hartzaileei dagokienez, antolatzaileek azaldu dute euskal pilotuez gain nazioartekoak ere izango direla proban.