Larunbat honetan jokatuko dute Getariako VI. Pala Txapelketa Mistoa

Onintza Lete Arrieta 2023ko urtarrilaren 2a

Artxiboko irudian, pala txapelketako partida bat.

Getariako Gazte Asanbladak antolatzen du kirol lehia, eta azpimarratu du txapelketaren helburua ondo pasatzea dela. Izena emateko azken eguna ostiral hau izango da, eta partaide kopuruaren arabera erabakiko dute partidak zenbat puntutara jokatu. Aurten parrillada ere jarriko dute, giro hobea sortzeko.

Urtea hastearekin batera jokatuko dute Getarian Pala Txapelketa Mistoa. Seigarrenez antolatu du Getariako Gazte Asanbladak, eta larunbat honetan, hilaren 7an, jokatuko da herriko frontoian, 10:30ean hasita. Eguraldi txarra bada, berriz, kiroldegian izango da hitzordua.

Partaide kopuruaren arabera erabakiko dute partidak zenbat puntutara jokatu. Parte hartzaileak asko badira, sei puntutara jokatuko lituzkete; gutxi badira, 12 edo 16 puntura. Izan ere, egunean bertan amaituko da txapelketa.

Izena emateko azken eguna ostiral hau izango da, Errege eguna, eta bikoteko 10 euro ordaindu beharko da –izena 688 60 68 65 telefonoan eman behar da–. Trukean, partaideek doan izango dituzte garagardoak eta parrillan egingo dituzten jatekoak. Giro hobea sortzeko jarriko dute parrilla martxan txapelketa hastearekin batera, eta ikusleek ere izango dute mokadua hartzeko aukera.

Antolatzaileek azaldu dute edonork eman dezakeela izena, eta helburua ondo pasatzea dela azpimarratu dute.

Saria, ohi bezala, bikote irabazlearentzat izango da, eta beste urteetan bezala, garaikur berezia jasoko dute: egurrezko palak.

Iaz, esaterako, finala getariarren eta zumaiarren artean erabaki zen. Azkenean, etxekoen alde erabaki zen azken partida: Hostaizka Etxeberria eta Aratz Lertxundi izan ziren garaile, Leire eta Mikel Mendizabalen aurkako finala 16-14 irabazi eta gero.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide